Gorka Andraka kazetariak "Chiribitas. Historias que prenden la vida" izeneko bere lehenengo liburua aurkeztuko du datorren barikuan, hilaren 20an, bere sorterriko kultur etxean, 19:30ean. Liburua Madrilgo Libros en Acción editorialak argitaratu du, eta edozein liburutegitan eros daiteke, idazleak berak jakinarazi duenez.
Denera, "Chiribitas. Historias que prenden la vida" liburuak 72 kontakizun eta 54 ilustrazio barnebiltzen ditu, munduko askotariko lekuetan oinarritutakoak, hala nola La Realidad eta San Cristobal de las Casas (Mexiko), Cartagena de Indias (Colombia), Sao Paulo (Brasil), La Paz (Bolivia), Atacama (Txile), Bagdad (Irak), Gaza, Jerusalem, Belen (Palestina), Ksar El Kebir (Maroko), Ausserd eta Dajla (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa), Mosku (Errusia), Florentzia (Italia), Paris (Frantzia), Evian (Suitza), Kanariar Irlak, Bartzelona, Alacant, Sevilla, Vegüellina de Órbigo, Laredo, Hondarribia, Bilbo, Gernika, Armintza...
Liburua apirilaren 20an, barikuan, aurkeztuko dute, Armintzako kultur etxean. Hitzordua 19:30ean ipini dute, eta Gorka Andrakaz gainera, Ane Lopez Salazar biolinista, Joseba Berrocal biolontxelista eta Esher Canariasek parte hartuko dute; azken horrek hainbat kontakizun irakurriko ditu.
Andrakak "Mar de fueguitos" irratsaioa eskaintzen du martitzen arrastietan Bilboko 97 Irrati libretik. Saioa 2000. urtean sortu zuen eta ordutik hona gidatu izan du Radio Euskadin, Tas-tas irrati librean et 2013tik azken horren hutsunea bete zuen 97 irratian.