EH Bilduk Iberdrolaren inplikazioa eskatu du Lemoizko zentralaren ingurua berreskuratzeko

Iker Rincon Moreno 2018ko api. 17a, 14:34

Prentsaurrekoan parte hartu duten EH Bilduko hiru kideak: ezkerrean, Mikel Otero legebiltzarkidea; erdian, Onintze Oleaga Bizkaiko batzarkidea; eta eskuman, Juan Luis Olaran, Lemoizko Udalean zinegotzia. © EH BILDU

EH Bilduk azpimarratu du Iberdrolak erantzukizuna daukala Lemoizko zentral nuklearra eta haren ingurua berreskuratu eta berregituratzeko kostuan. Bertan emandako prentsaurrekoan, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Lemoizko Udala egiten dabiltzan hutsak salatu ditu koalizioak.

EH Bilduren izenean Onintze Oleaga Bizkaiko Batzar Nagusietako kideak adierazi duenez, “Iberdrolari lur hauen kontzesioa uztailean bukatuko zaio. Baina, Eusko Jaurlaritza Iberdrolarekin negoziatzen ari da kontzesio hori ahal bezain lasterren eteteko. Horrek esan nahi du arriskua dagoela ingurune hau berreskuratzerakoan Iberdrolak ezertxo ere ez egiteko”.

Talde abertzaleko kideek salatu dutenez, 1984an eman zen moratoria nuklearra dela eta, Iberdrolari 4.383 milioi euro ordaindu dizkiote herritarrek faktura elektrikoaren bidez, 25 urtean; horietatik 2.273 milioi euro Lemoizko zentral nuklearren kontura. “Beraz, orain justuena da Iberdrolak inguru natural hau berreskuratzerakoan erantzukizuna izatea”.

“Eusko Jaurlaritzak arrain-haztegi proiektu bat ipini du mahai gainean. Baina ez ditu aurretik ongi etxeko lanak egin”, adierazi du Oleagak. Kostaldea Babesteko Lurraldearen Arloko Planaren arabera interbentzio bi egin daitezke: Basordako kala berreskuratu eta ingurunea berreskuratzeagaz bateragarria izango den aktibitate bat garatzea.

EH Bilduk azpimarratu du Lemoizko herritarrei dagokiela zentral nuklearraren etorkizuna erabakitzea, “haiekin zor historiko bat dugulako”.

EH Bilduren proposamena

Hori guztia bermatzeko lau neurri proposatu ditu EH Bilduk Legebiltzarrean, Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Lemoizko Udalean:

  • Lemoizko zentral nuklearrak okupatzen duen lursaila, eta bere segurtasun-eremu osoa hiru erakundeen arteko titulartasun partekatua izatea: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Lemoizko Udala.
  • Kostaldeko Lurraldearen Arloko Planak dioena dagokien erakunde denek betetzea: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Lemoizko Udala eta Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioa.
  • Lemoizko herritarrek zentral nuklearra okupatzen dituen lurretan zer egingo den galdeketa bidez baiestea.
  • Iberdrolak lur-eremu horien berreskurapenean daukan erantzukizuna ordaintzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun