Asko geratzen da oraindino Basordako kala lehengoratu eta 1972 baino lehen zegoen moduan gozatzeko, bertan arrain-haztegia eraikitzeko ala beste proiekturen bat martxan ipintzeko. Halere, horietako egitasmoren bat bideratzeko oinarriak gaur egun ipintzen dabiltza, hainbat forotan.
Lemoizko Basorda kalako zentral nuklearraren inguruan hainbat mugimendu egon dira egun eta asteotan. Alde batetik, Lemoizko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aurrerapena onartu zuen Udalbatzak eta gaur egun jendaurreko erakustaldian dago, ekainaren 12ra arte. Beste aldetik, Iberdrola eta Espainiako Gobernua akordiora heldu dira energia-enpresak kontzesioari uko egin diezaion. Horrez gain, Lemoizko zentralaren etorkizuna lantzeko prozesuaren gainean kritikak egin ditu EH Bilduk, Eusko Legebiltzarrean eta Batzar Nagusietan. Horren aurrean, EAJk eta beste alderdiek euren erantzunak eta ekarpenak aurkeztu dituzte.
HAPOren Ingurumen Ebaluazio Estrategikoa txostenaren testuak gogorarazten duenez, EAEko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialak alternatiba bi eman zituen zentral nuklearrarentzat: eraistea eta kala lehengoratzea, ala itsasertzaren babesagaz bateragarriak diren jarduerak ipintzea, beti ere gunearen errekuperazioari lagunduko badiote. Edozein kasutan, Antolamenduko Plan Berezia beharko luke horrek. 1984an onartu zen Lemoizko luzamendua, inoiz abiarazi ez zen zentral nuklearrekoa. Bertoko lurretan, ziklo konbinatuko zentral bat edo parke tematiko bat ipintzeko posibilitatea planteatu zen garai batean. Gaur egun, Lurralde Zati Planak instalazioa birgaitzen lagunduko duen ikerketa edo aisiagaz lotutako beste instalazio-mota bateko jolas-ekipamendu bihurtzea proposatzen du. "Guneak museoak, ikerketa-laborategiak, planetarioa, lorategi botanikoa eta 'Lemoizko Aisia Parkearen' izenpean gai ezberdineko instalazio sinergikoak eduki litzake", Lemoizko HAPOk jasotakoaren arabera. Horretaz desadostasuna agertu du Gabriela Francés EH Bilduko zinegotziak udal-bilkuran, HAPOren aurrerapenak zentraleko lurzoruari planteatu dizkion hiru ekonomia-jardueren aukeretan kalifikazio bera eman diolako. Bere ustean, "eztabaida murrizten" dabil Udala. Horregatik, hiritarren parte-hartzea kamustu delakoan eta Udalbatzak ez duelako zertan aurrerapena onartu iritzita, abstentzioa eman zuen Lemoizko EH Bilduk.
Iberdrola, etekina eta erantzukizuna
Aurreko astean, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak "eskandalagarritzat" jo zuen Iberdrolak eta Espainiako Ogasun Ministerioak sinatu zuten akordioa. Horren arabera, energia-enpresak uko egin zion Lemoizen zeukan kontzesioari, eta lurrak emango dizkio Espainiako Administrazioari, zentral nuklearrak okupatzen duen lursaila lehengoratu behar izan barik. Oterok gogora ekarri zuenez, "Iberdrolak 2.273 milioi euro irabazi zituen Lemoizen, Felipe Gonzálezen gobernuak ipinitako luzamendu nuklearrari esker; eta, legez, gunea zentrala eraiki aurretik zegoen moduan utzi behar du orain, kostuak bere gain hartuta".
EH Bilduko legebiltzarkideak salatu zuenez, "akordioak eremua berreskuratzeko erantzukizunaz libratu du Iberdrola, eta hori eskandalu bat da, azkenean euskal herritarrok hiru aldiz ordaindu beharko dugulako Lemoizko zentzugabekeria; lehenago, eraikuntza bera ordaindu genuen; gero, argindarraren faktura bidez, 2.273 milioi ordaindu dizkiogu Iberdrolari, eta orain eremua berreskuratzeko lanak ordaindu beharko ditugu". Iberdrolarekiko akordioa Gobernu espainolaren lehen urratsa da Lemoizko lur horien jabegoa Eusko Jaurlaritzari transferitzea.
Horri dagokionez, Oterok argi dauka lurren jabegoa Jaurlaritzari ez ezik, Lemoizko Udalari eta Bizkaiko Aldundiari ere dagokiela, eta "jabegoaren transferentzia ezin dela inondik inora erabili Iberdrolak bere obligazioei ihes egin diezaien". Hori dela eta, EH Bilduk interpelazioa egingo dio Arantza Tapia EAEko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuari, Legebiltzarrean, eta eskatuko dio Jaurlaritzak euskal jendartearen interesak lehenetsi ditzala, "Iberdrola babestu beharrean". Eusko Legebiltzarrean ez ezik, Bizkaiko Batzar Nagusietara ere eroan zuen gaia EH Bilduk. Bertan, Onintze Oleaga batzarkideak leporatu zien "utzikeriaz" jokatzea Espainiako eta EAEko gobernuak osatzen dituzten alderdiei (PP eta EAJ eta PSE-EE, hurrenez hurren), Iberdrolari "erantzukizuna" ez eskatzeagatik: "Erraztu duzue etekinak eskuratu dituen enpresa musu-truk irtetea, Euskal Herriko mapan puntu beltza dena lehengoratu barik". Jesus Lekerikabeaskoa batzarkide jeltzaleak EH Bilduko kideak animatu zituen Madrilen protesta egitera: "Iberdrolak daborduko egin dio uko kontzesioari eta horren aurrean galdetu didazue ea Estatu espainiarraren eta Iberdrolaren arteko kontzesioan guk zer egin behar dugun. Denok dauzkagu ordezkariak Madrilen, zuek ere badituzue. Hortaz kontzesio-amaiera horren zehaztasunak eta zergatiak galdetu han. Gure herrirako lor ditzakezuen abantailak lortu!". Oso bestelako ikuspuntua eskaini zuen Javier Ruiz batzarkide popularrak: "Proiektu berriak garatzeko aukera dago Lemoizen, zentral nuklearrak okupatzen dituen lurretan. Eta garatu daitezke Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak egindako akordioari esker, 40 urtez blokeatuta zebilen egoera askatu duelako".
Eztabaida berean, EH Bilduko ordezkariak kritikatu zuen Lemoizen, Gasteizen eta Gernikan zenbait bider galdetu ostean, hainbat erantzun ez dutela jaso eta jasotakoen artean kontraesanak daudela. Hala, hiru exekutibo horiei "gardentasun eza" eta "ilunkeria" leporatu ostean, hainbat kontu argitzea eskatu zuen, tartean lurren titulartasuna eta Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala beteko ote den, eta horren arabera zein izango den lursailaren erabilpena. Lehenengo puntuari dagokionez, Arantxa Tapia EAEko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak esan zuen joan den hilabetean, Espainiak lurrak eskualdatu ostean, lursail horien titulartasuna Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategiak zuzendaritzarena izango dela. EH Bilduk, ostera, proposatu du jabetzaren titulartasuna komuna izatea Lemoizko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean. Bizkaiko Batzar Nagusietako talde jeltzaleak erantzun zuenez, Estatu espainiarrak EAEri jabego-transferentzia bat egiten dionean, lehenengo pausoa beti da Jaurlaritzaren Ondare Saila lursailaz jabetzea. "Horrek ez du esan gura gerora begira Jaurlaritzarena izaten segituko duenik. Hiru administrazioen artean erabaki beharko dute noren izenean geldituko den lurzoru hori". Josu Montalban batzarkide sozialistak, berriz, gogorarazi zuen "oraindino" ez direla bueltatu lur-sailak, "baina beharrezko pausoak eman dira: erakundeen arteko mahaia eratu dute Lemoizko Udalak, Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak. Hartu beharko dituzte erabakiak Estatuagaz negoziatzen", azaldu zuen.
Kala lehengoratu ala bertan zer edo zer berria egin?
Bigarren puntuari dagokionez, 2007an onartutako Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialak agindutakoa betetzeko eskatu zuen EH Bilduk, Basordan ezer erabaki aurretik azterketa bat egitea, alegia. Horren arabera gunea lehengoratzea eta berreskuratzea posible den jakingo litzateke eta, "berreskuratu ezin bada", aldera litezke hainbat jarduera, zein aktibitate ipin daitekeen erabakitzeko. Oleagak nabarmendu zuenez, "azterketa hori gaur egun egin barik dago". Horren aurrean, eszeptikoa da Jose Angel Elgezabal Ahal Duguko batzarkidea: "Gaur egun daukaguna ilunkeria da, bulegoetan egindako proiektuak; hori ez da berria, segur aski etorkizunean izango ditugu ekintza burutuak, ez dakigu noren alde. Eta beldur gara berriro ere prentsaren bidez jakingo ote dugun". Elgezabalek azaldu duenez, "gardentasuna itxaroten gabiltza, alternatibak kontrastatzea, entzuketa aktiboa, gehiengo sozialaren eta ingurumenaren aldeko proiektuak. Argitu beharra dago ea gunea lehengoratuko den, zein erabilpena emango zaion, azpiegiturak erabiliko diren edo erabilpen iraunkorra izango den. Guk proiektu iraunkor eta sozialaren alde egiten dugu eta aurretik argia eta takigrafoak behar dira horretarako". Ahal Duguk ez du uste Bizkaiko Batzar Nagusietan "gardentasunaren aldeko gehiengoa dagoenik". Horregatik, mobilizazioa beharrezkokat jo du: "Gehiengo alternatiboa eratu beharra dago".
Eusko Jaurlaritzak iaz iragarri zuen arrain-haztegi bat jartzea zela bere apustua eta horrela berretsi zuen Arantxa Tapiak Legebiltzarrean, joan den hilabetean: "Baziren bi aukera: guztia bota eta lurra berreskuratu, ala beste aukera bat izan, lanpostuak sortzeko eta aktibitate ekonomiko bat egiteko. Bigarren horren alde egin genuen: aktibitate jasangarria eta aldi berean lanpostuak eta ekonomia sortu eta sustatuko duena". Horren gaineko bere iritzia galdetuta, Elena Unzueta Aldundiko bozeramaile eta Ingurumen foru-diputatua mugatu da esatera hori Eusko Jaurlaritzaren proiektua dela, eta ñabardura bakarra egin dio: "Ingurumenaren gaineko eraginaren azterketak egin beharra daude; adi egongo gara gure eskumena delako. Aztertu beharko ditugu proiektuak eta esan teknikoki ondo egokitzen diren, ingurumenaren aldeko babes-neurriakaz".
Parte-hartzea
Bestalde, Lemoizko proiekturako organo exekutatzailea eratzeko, aipatutako hiru euskal erakundek parte hartzea proposatu zuen EH Bilduk, Espainiako Kosta Zuzendaritza eta Iberdrolagaz batera. Alde batetik, legediak “agintzen” duena delako eta beste aldetik, Estatuak eta energia-enpresak “erantzukizuna dutelako”.
Azkenik, parte-hartzean ere ez dira ados ipini indar abertzale nagusiak. Dena den, Arturo Aldecoak darabilen parte-hartzearen eredua baino zabalago jokatzen dute biek. PPtik alde egindako batzarkideak ziurtatu zuen "Erabaki denetan" ematen dela herritarren parte-hartzea, "eurek hautatzen dituztelako bai erakundeetako ordezkariak baita ordezkariak kontrolatzen dituztenak ere; gainera, beste bide batzuk dituzte proposamenak egiteko eta akordioak lortzeko".