1990ean bere lehenengo edizioa egin zuen Armintzako jaialdiak, 2018ko edizioa osatzen duten artisten kartelen berri eman du. Festibala antolatzen duen Armintzako Jai Batzordeak emakumezkoen presentzia areagotzearen aldeko apustua egin du aurten; horrela, BioBizz Portua Stageko zuzeneko kontzertuen %100a emakumeen esku egongo da. Nazioarteko hiru proposamen egongo dira: Trinidad eta Tobagoko jatorria izan arren, Alemanian bizi den Queen Omega, The Next Generation Family Band taldeagaz; Frantziako Awa Fall eta The Sound Rebels; eta Erresuma Batuko Caya Sound System. Eszenario nagusian, Espainiako estatuko reggae-eszenako beterano bat egongo da: Inés Pardo kantabriarra, Lone Ark Riddim Force taldeaz lagunduta. Talde horren liderra, Roberto Sanchez, estilo honen aitzindaria izan da estatu-mailan. Azkenik, euskal eszena ordezkatzeko Mad Muasel eta Chalwa Band izango ditugu, 2009ko Txapel Reggae jaialdirako abestia sortu zuen taldea eta rap-kantari bilbotarra elkartuko dira oso errepertorio berezia eskaintzeko.
Eguneko topalekua
Armintzekaldeko skate-parkearen ondoan kokatuta egongo den Dub Stage eszenatokia eguneko topalekua izango da. Zuzeneko MC saio desberdinek Txapel Reggaeko bihotza girotu eta bibraraziko dute; gaueko kontzertuetarako beroketa ezin hobea izango da. Bertan, nazioarteko Sound System kulturako dekanoa den Jan Youth londrestarra ibiliko da aukeratzaile lanetan; MC eginkizunean, Empress Uwimana artista eta Prince Livijah kantaria egongo dira. Baina, bertoko eszena sasoian dagoela erakusteko euskal-italiar King-burning taldea eta Bakio-Mungiako Bass Herri Sound taldea izango dira. Dub Stagen ere euskal reggae-aren kulturan aitzindaria den Thunder Clap Sound System taldearen lana ikusi ahal izango da.
Hala ere, egunari hasiera emateko, 12:00etan, Batukale Samba perkusio taldeak Armintzan zehar poteoa girotuko du.
"Senidetasun eta bibrazio onak sustatzea bereizgarri duen jaialdia da Txapel Reggae, arrantzaleen auzo txiki honegaz errespetu eta bizikidetza erakusten duena", Armintzako Jai Batzordeak gogorarazi duenez. "Horixe da Txapel Reggae jaialdia berezia egiten duen ezaugarria; bertoko pertsonen eta jaialdiaren ikus-entzuleen arteko harmonia; sustraia, errespetua eta maitasuna", gaineratu dutenez.
Egitaraua:
Armintza Txapel Reggae 2018
Uztailak 14, zapatua. Armintzako portua.
12:00 Perkusioa:
- Batukale Samba (Euskal Herria)
16:00 Dub Stage.
- Jah Youth Feat. Empress Uwimana & Prince Livijah (Erresuma Batua)
- King-burning (Italia / Euskal Herria)
- Bassherri Sound System (Euskal Herria).
- Powerwd by: Thunder Clap Sound System (Erresuma Batua).
22:30 Biobizz Portua Stage.
- Queen Omega & The Next Generation Family Band (Trinidad eta Tobago / Alemania).
- Awa Fall & The Sound Rebels (Senegal / Italia).
- Inés Pardo & Lone Ark Riddim Force (Kantabria, Espainia).
- Mad Muasel meets Chalwa Band (Euskal Herria).
- Caya (Erresuma Batua).