Herritarren jakintzatik tiraka, Armintzan arrantzaren memoria eraikitzeko

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 13a, 17:29
Armintzako portua.

Armintzan arrantzak izan duen bilakaeraz jardungo dute bihar, irailak 14, bertako Kultur Etxean, EHNE Bizkaia sindikatuak eta Hegoa Institutuak EHUren laguntzaz antolatutako Baserritik Mundura ikastaroen barruko ekimenaren barruan. Herritar guztiei zabaldutako deialdia da, denen artean gaiaren gaineko jakintza batzeko.

Baserritik Mundura ikastaroen helburua elikadura-burujabetzaren eta agroekologiaren alorretan unibertsitatean dauden formazioa eta ikerketa zabaltzea da. Parte-hartzaileak taldetan banantzen dira, eta bakoitzak gai aukeratzen du haren azterketa sakona egiteko. Talde horietako bat da Basordako Gonagorriak, Lemoizen arratzaren iragana, oraina eta etorkizuna aztertzen dabilena.

Ikerketa horren parte izango da biharko ekitaldia. Armintzan arrantzaren inguruan dauden oroitzapenak eta jakintza biltzea da helburua, eta ez itsasoari dagokionez bakarrik; Amorraga ibaian egindako arrantza izango dute azterbide. Ahalik eta herritar gehien batzea espero dute, denen artean arrantzaren gaineko memoria eta jakintza osatzeko.

Ikerketaren zergatiak honela azaldu dituzte Basordako Gonagorriek: "Arrantzaren sektorea gure herriaren paisaia kulturala ulertzeko funtsezko eragilea da; arrantza industrialaren ordezko alternatibak eskaini nahi dira, beti ere emakumeek arrantzan izan duten zeregina agerian jarriz eta behar bezala aitortuz".

Arrastiko 18:00etan hasiko da topaketa, eta ordu biko saioaren ostean, mokadutxoa izango da bertaratzen direnentzat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun