Udako jaiak 2019

Hizkuntz eta kultur aniztasuna izango da 2019ko Txapel Reggae jaialdiaren ardatz nagusia

Unai Brea 2019ko eka. 19a, 13:45

Aurtengo Txapel Reggae festibalean parte hartuko duten artisten izenak ezagutzera eman ditu Armintzako jai-batzordeak. Fantan Mojah jamaikarra izango da gonbidatu nagusia, Jahvolution talde holandarragaz batera. Costa Ricak, Galiziak, Kataluniak eta Euskal Herriak ere izango dute ordezkaritzarik. Hitzordua, uztailaren 13an.

1990ean hasi ziren Txapel Reggae antolatzen, eta daborduko ohitura bihurtu da Armintzako Karmengo jaien zapatua jaialdiak bereganatzea. Aurten bost talde izango dira emanaldi nagusian, BioBizz Portua Stageko agertokian alegia. Baina hori gauean izango da; izatez, askoz lehenago hasiko dira Armintzari giroa ematen rap-aren, reggae-aren eta batukaden soinuak. Hain zuzen, eguerdiko 12:00etan hasiko da jaia; Euskal herriko Batukale Samba batukadak lagunduko die herrian zehar poteoan ibiliko direnei.

Eguerdian baita ere, beste aukera bat egongo da: Dub Stage agertoki ondoko skate-emanaldiaz gozatzea. 14:00etatik 16:00etara, berriz, dancehall estiloko eskolak egingo dituzte.

Arrastian, 16:00etatik aurrera, zaleek topaguena edukiko dute Dub Stage delakoan, skate park-aren ondoan paratutako agertokian. Maisu-zeremonia ugari izango da bertan, gauerako giroa prestatzen: Ziztada eta Raperu, Santa & Vega, Laize, Aiala e Lyrikan, eta Endika Lahaine i Rufoh. Weepah, Ziribulio Kolektiboa eta Pantx Records artistak ere izango dira agertoki horretan, hala nola King Burning eta Bass Herri Sound

Gaueko 22:30an hasiko da emanaldi nagusia. Fantan Mojah & Jahvolutionen kontzertua izango da egitarauaren une beroena, baina harez gain beste lau talde garrantzitsuren musikaz gozatu ahal izango dute bertaratutakoek. Hizkuntz eta kultur aniztasunaren balioa azpimarratzeko helburuz, BioBizz Portua Stageko agertokian joko dute Un Rojo Reggae Band costarricarrek, High Paw & Elephants galiziarrek, Deskarats kataluniarrek, eta Suaia eta Ama Rebel bizkaitarrek. 

Lotura honetan ikus dezakezue egitarau osoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun