Atzean gelditu dira landare inbaditzaile honen hedapena saihesteko ahaleginak, orain, inori ez zaiola inporta ematen du. Eskumenak dituzten administrazioek, foru aldundiek eta udalek ezer gutxi (edo ezer ere ez) egiten dute eta oposizioko alderdi politikoak isilik daude, baita talde ekologistak ere.
Lemoizko Etzandarri mendi-taldeak gure mendi eta naturagunetako egoera tamalgarri eta larriaz ohartarazi nahi du. Uda honetan, eguraldiak lagunduta, belar inbaditzaile hori asko hedatu da eta inoiz baino indartsuago ikusten dugu.
Lemoizko egoera behintzat benetan tamalgarria da eta horren errudun argi bat dago, Lemoizko zentral nuklearra eta horren inguruko kudeaketa eza. Lemoizko zentraleko inguruko naturagunea zoragarria da, eta dagoeneko jendeak disfrutatzeko egokituta eta zabalik egon beharko litzateke. Zoritxarrez, oraindik ez da horrela. Orain arteko kudeaketa penagarria izan da eta oraingo kudeaketa eza kezkagarri baten aurrean gaude.
Anparrantxi puntako goi-lautada eta itsaslabarrak, baita Urbieta urtegia eta bere ingurunea ere, benetan baliogarriak dira eta bi eremu horien berreskurapena eta egokitzapena oso erreza izango litzateke esku-hartze txiki batekin. Baina, tamalez, gero eta okerrago daude.
Panpa-belarrak erabat kolonizatu du Anparrantxi puntako goi-lautada eta kontrolik gabe itsaslabarretatik beherantz hedatzen ari da. Urbieta urtegiko ingurunean ere gero eta hedatuagoa dago.
Benetan arazo ekologiko larri baten aurrean gaude. Lemoizko zentraleko lurrak panpako lezka mintegi erraldoi bat bihurtu dira, Lemoiz osora kontrol barik hedatzen ari dela. Baina adi! Ez bakarrik Lemoiz osora, Uribe Kosta osora, Bizkaia osora eta Euskal Herria osora zabaltzen dabil. Panpa-belarra oso moldakorra da eta gure kliman edozein ingurunean haz daiteke. Horretaz gain, hazi asko ekoizten ditu: ale bakoitza milioi bat hazi ekoiztera irits daiteke bere bizitzan zehar. Gainera, landarea erre arren, berriro sortzeko ahalmena du. Hura hiltzeko metodo mekaniko eta kimikoak uztartu behar dira, eta horrek lan handia suposatzen du.
Argi dago arazo oso larri baten aurrean gaudela eta Euskal Herriko administrazioek serio hartu behar dutela berandu izan baino lehen, beranduegi gabiltzala jakinda. Beraz, premiazkoa da lehenbailehen haren kontrako borrokan hastea. Kalifornian, Hawaiin, Zeelanda Berrian edo Australian, esate baterako, aspaldi dabiltza borroka horretan emaitza onekin, eta, bidenabar, berreskura dezagun behingoz Lemoizko zentral nuklearraren ingurunea.
Artikulu hau Iosu Alberdi Balzategi mendizalea eta nekazaritzako ingeniari teknikoak idatzi du.