Juan Luis Olaran

"Piratak itsasoan ibiltzen ziren antzina, gaur egun lehorrean geratzen dira"

Jabi Zabala · ARGIA.eus 2021ko abu. 31a, 11:39
Juan Luis Olaran Armintza jaioterriko portuan, Lemoizko zentral nuklearretik kilometro gutxira. “Garai hartan herritar gehienak zentralaren alde zeuden, lanerako aukera egongo zela ikusi zuten eta. Nik ez nuen nahi izan eta nabiga

Armintzan (Lemoiz, Bizkaia) 1945ean sortua, Juan Luis Olaran Sustatxa arrantzale, itsas gizon eta sukaldari izana da idazle baino lehen. Azkenaldion, erretiroa hartuta, hiru liburu idatzi ditu, tartean zentral nuklearraren inguruko El contubernio nuclear, Lemoiz, eta Izarra ontziaren afera kontatzen duen Izarra baltza, historia de un barco pirata aurkeztu berria. Afera biak bertatik bertara bizitzea tokatu zitzaion armintzarrari.

Idazle baino lehen sukaldari, eta lehenago arrantzale eta itsas gizona.

Bai, nire kasuan hala da: 13 urterekin herriko eskabetxeran lanean hasi, 15 urterekin itsasora, arrantzan, eta 16 nituela Bartzelonara, merkantzia ontzietara. Nabigatzen 25 urte eginak nituen Izarra-n itsasoratu nintzenerako.

Nolatan sartu zinen Izarra petroliontzian?

Ez nengoen oso konforme orduan nenbilen itsasontzian, eta lagun batek Auma ontzian sartzeko gonbita egin zidan, ondo irabaziko nuela, eta hara sartu nintzen, sukaldari. Hara heldu orduko esan zidaten “ez dakizu non sartu zaren, hau pirata hutsa da”. Beraz, eskifaiakook susmoak bagenituen baina armadorearen eta kapitainaren kontuak ziren haiek.

Maniobra ilunak berehala sumatu zenituen ordea.

Ni Las Palmasen ontziratu nintzen Auma-n, han utzi baitzuen petrolioa, eta gero Tenerifetik gasolina eraman genuen Monroviara (Liberia). Bidaia normala izan zen hura, baina handik Kanariar irletara bueltatzeko jaso genuen agindua. Ez zirudien normala, printzipioz handik hurbil zegoen Nigeriara joan behar genuelako petrolioa kargatzera. Kanaria Handian, porturatu barik itsasoan ainguratu eta konponketa batzuk egin zituzten ontzian: tximinia margotu, ontzia desitxuratu eta izena aldatu zioten, Auma-ren ordez Izarra idatzita. Han argi geratu zen tranparen bat zegoela.

Nigeriara abiatu zineten orduan.

Bai, Bonny-ko portura, petrolio bila, baina hara heldu ginenean, erregistro liburuan ez zen ageri Izarra, noski, eta nigeriarrek ontzia errefusatu zuten. Kostaldetik hurbil ainguratu genuen, sartzeko baimenaren zain, baina jatekoa eta erregaia amaitzen hasi ziren. Kamerunera egin genuen orduan, armadoreak bidalitako diru apurrekin janaria erosi eta berriz Nigeria aurrera bueltatu. Nigeriarrak susmoak hartuta zeuden eta, egun batean, soldaduen patruila-ontzi bat hurbildu zen, airera tiroka. Izarra-ra igo eta ontzia arakatu zuten, arma bila. Gero portura eraman gintuzten atxilotuta.

Hor hasi zen sei hilabeteko bahiketa.

Abenduan estatu kolpea emana zuten, 1983ko Gabon Zaharrean, eta gu 1984ko martxoan heldu ginen hara. Gobernu berriak aurrekoaren ustelkeriak agerian utzi nahi zituen eta... José Luis Peciña kapitaina eraman zuten eta petrolio trafikoan aritzea leporatuta, heriotzara kondenatu zuten. Gu sei hilabetez egon ginen ontzian bahituta, eta berak 25 hilabete eman zituen preso.

Arduradun nagusia hemen zegoen ordea.

Bai, José María López Tapia zen, Letasa ontzi enpresaren jabea. Krisian zegoen sektorea orduan, horregatik sartu zen negozio lohietan. Izan ere, enpresa guztiak desagertu ziren garai hartan. Egun Espainiak ez du itsas merkataritza enpresarik, turistentzako barkuez aparte: Armas, Acciona, Balearia eta kito.

Itsasoan ur handitan, zenbat pirata dago egun ere?

Piratak itsasontzietan ibiltzen ziren antzina, gaur egun lehorrean geratzen dira. Lehen parte baten truke aritzen ziren kortsarioak ziren, baina ontzian doazenak langile hutsak dira orain. Ustelkeria politikoa ere tartean dago, guk ekartzen genuen petrolioa Petrolífera Ducar-ek erosten zuen Las Palmasen arazorik gabe, gerora ministro izango zen Arias Cañete hor zegoen.

Beste liburu batean, El contubernio nuclear, Lemoiz, zentral nuklearraz jardun zenuen. Nortzuk nahastu ziren haren aldeko adostasun hartan?

Politikari eta instituzio gehienak, hemengoak zein Espainiakoak, Bizkaiko Aldundia esaterako. Debarako beste proiektu bat egon zen baina Gipuzkoakoak atzera bota zuen.

Armintzan, eta Lemoizko Udalean, zinegotzi moduan, nuklearrari aurre egin ziotenetakoa zaitugu. Denak zeuden kontra herrian?

Ez, herritar gehienak alde zeuden eta ulergarria zen, lanerako aukera egongo zela ikusten zuten eta hala zen, gehienok izan genuen bertan lanean aritzeko aukera. Nik ez nuen nahi izan eta nabigatzen jarraitu nuen.

Zentrala geldiaraztea herriaren garaipenarena ala ETAren mehatxuarena izan zen?

Bietatik pixka bat. ETAk ikusi zuen gizartearen gehiengoa zentralaren aurka zegoela, zilegitasuna bilatzen zuen eta hor sartu zen buru-belarri. Egia da ETA gabe ez zela zentrala geldituko, baina tamalez hildakoak egon ziren eta hori ez da ahaztu behar. Bestalde, zentrala eraiki ezik azak jango genituela esan zuenak ez zuen asmatu. Nabarmen ikusi zen zentrala ez zela beharrezkoa. Orduan nuklearrak oso errentagarriak omen ziren, baina epe laburrean soilik.

Zer etorkizun du eta zein nahi zenuke zuk Basorda kalarako?

Lehenengo galdera zaila da erantzuten. Kultura arloko proiektuak egon dira, arrain haztegia, zentral termikoa… Ez dakit zer egingo duten. Lehengo egoerara bueltatzea ezinezkoa denez, akaso errazena harresia apurtzea eta itsasoa barruraino sartzen uztea litzateke, ergelkeriari monumentu moduan utzita.

Ihesaldi saiakera

“Sei hilabete eman genituen Calabarreko portuan atrakatuta, ontzitik ateratzen uzten ziguten baina ez genekien zer gertatuko zen, gainera, kondenatuko gintuzten zurrumurrua zabaldu zen. Kamerunera ihes egitea pentsatu genuen. Bi ihesaldi saiakera egin genituen barkuko batzuon artean, baina biek huts egin zuten. Han bagenuen lagun bat, Sony izenekoa, gauzak lortzen zizkiguna. Hark motordun txalupa arinak zituen mafioso batengana eraman gintuen, baina ez ginen fidatu. Bigarrenean bitartekari bati dirua eman genion ihes egiten laguntzearen truke. Tipoak dirua hartu zuen, eta adostu genuen hitzordua, geneukan diru apurra hartuta, baina hara heltzean polizia genuen zain... Saldu gintuen. Barkura bueltatu gintuzten, ez gintuzten salatu, baina dirua eta aldean generaman guztia kendu ziguten”.

 

Argia-tik hartu dugu artikulu hau, Creative Commons-en CC BY SA lizentzia baliatuta. Ikusi hemen jatorrizko artikulua.
Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun