Lemoizko Udalak argiteri publikoa berritzeko prozesu integralari amaiera eman dio, LED argiak herriko auzo guztietara hedatuz. Apurka-apurka, 2017ko irailean aldakuntza prozesuari ekin zionetik, Udalak aldi desberdinetan gauzatu du berrikuntza-proiektua, hiru helburu nagusigaz: eraginkortasun energetikoa hobetzea, berotegi-efektuko gasak murriztea eta eremu publikoan herritarren segurtasuna bermatzea, argiztapen-maila eta kalitatea handituz.
Azken jarduerarari esker, Udalak 53.133 euro bideratu ditu argiteriaren kalitatearen hobetzeko azken bultzada emateko. Hala, udal-gobernuak LED teknologiadun bonbillakaz ia ehun argiteri puntu ordezkatu ditu herriko honako lekuetan: Berreagas 13, Tomas Deuna elizaren inguruan 11, Gazituan 10, Hotelera igoeran 10, Portuganen 20 , Portubiden 33 eta Andrakas bidegurutzean lau.
Azken jarduera hori, aldez aurretik egindako beste batzuetara gehitzen dela zehaztu dute, frontoian 2019an eta hilerrian 2020an egindako luminaria berritzeak bezala; Udaleko diru-kutxari 21.000 euroko inbertsioa suposatu ziotenak, hain zuzen.
Aurrezpena eta segurtasuna
"Lemoiztarren segurtasuna lehentasuna da guretzat. Gobernu-talde bezala lantzen dugun herri eredu bezala, legealdi hasieratik hiru auzo nagusietan argiteriaren berriztapena bultzatu dugu. Horregatik, berrikuntza teknologikoaren eta LED argiteriaren eraginkortasun energetikoaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, udalerriko hainbat eremutako argiak pixkanaka-pixkanaka aldatzeko. Bost urteko lan gogorraren ondoren, 147.000 euro inbertitu ondoren, pozik gaude, herriak argiteri hobeagoa izatea lortu dugulako", azpimarratu du Iñaki Alonso alkateak.
Udalburuaren esanetan, LED teknologiak %50 eta %70 arteko aurrezpena ekarriko du energia-kontsumoan, eta auzotar guztien segurtasuna hobetzen lagunduko duen argi-kantitate eta kalitate handiagoa eskainiko da.