Digitalizazioaren aldeko apustua indartu eta udal-eraikinetan zein erabilera publikoko beste gune batzuetan internetera doan eta era askean sartzeko helburuagaz, Lemoizko Udalak udalerriko wifi-sarea herriko hiru auzoetara zabaldu du. Urizar eta Andraka auzoek wifi-estaldura bazuten, duela gutxi Armintzara ere heldu da, parkearen eta frontoiaren eremuetara, hain zuzen ere. Are gehiago, sarea eremu horietara zabaltzeaz gain, konexioa indartu egin da udalerriko beste hainbat tokitan, hala nola udaletxearen inguruan,
kultur etxean eta Andrakako kontsultategi zaharrean.
Horrela, 15.000 euroko inbertsioagaz, Udalak aurrera egin du wifi-sarbideak herri osora zabaltzeko duen konpromisoan, Lemoizko bizilagunen eta bertan jarduten duten gizarte-erakundeen eskaerei erantzunez.
Doako wifi-sarean sartzeko udal-ataritik egin daiteke eta baldintzak onartu ondoren sarean nabigatu ahal izango da (lemoizkoudala/pasahitza: lemoizwifi).