Alde batetik, hiru radar pedagogiko jarri dituzte: bi eskolaren inguruan eta hirugarren bat Armintzekoalde kalean. Horien eginkizuna da gehiegizko abiadura saihestea, panelean agertuz zein den benetako abiadura. Horrexegatik, radar horiek ez dira isunak jartzeko erabiliko, udal-arduradunek zehaztu dutenez. Gidariari ohartarazten diote tarte horretarako gehiegizko abiadura gainditu duen ala bere martxa egokia den. Ibilgailuen abiadura antzeman eta panelean agertzean, egokia bada berde eta gehiegizkoa bada gorri, gidarian abiadura murrizteko berehalako erantzuna eragitea bilatzen du.
Bestalde, Atalaia kalean eta kontsultorio zaharreko norabidean dagoen Andraka eremuan ere aldaketak izan dira. Atalaia kalean, haur jolastokitik gertu dagoen neurrian, abiadura 20 km/ordura mugatu dute eta seinaleak areagotu egin dituzte, sarreran argi-zutoin bertikal bategaz eta lurrean inprimatutako seinale horizontal bategaz. 20 km/orduko bigarren argi euskarria Andrakan jarri dute, kontsultorio zaharrerako noranzkoan.
“Esku-hartze hauek oinezkoentzako Lemoiz seguruago eta atseginago bat eraikitzea dute helburu. Gure udalerritik igarotzen diren ibilgailuen abiadura murrizteaz gain, informazio- radarren bitartez egungo abiadura mugen errespetua eta sentsibilizazioa sustatu nahi dugu, elkarrekin Lemoiz seguruago bat eraiki ahal izateko”, adierazi du Iñaki Alonso alkateak. Era berean, radarrek eguzki plaken bidez ibiltzen direla gogoratu du, hau da, energia berriztagarriak erabiltzen dituzte, eta horrela, Udalak energia eraginkortasunaren eta gero eta jasangarriagoa den udalerri baten eraikuntzaren aldeko apustuan ere aurrera egiten du.