Lemoizko udaletxe zaharrean ostalaritza-jarduerarako egokitua dagoen lokalaren barrualdea eraberritzeko proiektuak aurrera jarraitzen duela jakinarazi dute udal-iturriek. Tokiko gobernuaren helburua da gunea berritzea, malgutasuna ematea eta irisgarritasunaren legedira egokitzea, Lemoizko bizilagunek taberna-jatetxe moderno eta funtzional bat izan dezaten, topagune berria eta erakargarria, bai bizilagunentzat, bai bisitarientzat ere.
Pandemiak eta esleitu gabe geratu zen lehiaketaren izapide administratiboek atzeratu egin dituzte egokitzapen-obra horiek, Udalarentzat 118.000 eurotik gorako inbertsioa izan dutenak. Lanak martxoaren amaieran esleitu ziren.
Herriko taldeek erabil dezaketen lokala izan daitekeenez, kalitatezko proiektu bat egin gura izan dute, denboraren iragaitera eta negozioaren ikuspegi desberdinetara egokitzeko ahalmena izango duena, hain zuzen.
Lokala altuera bitan zegoen banatuta, baina irisgarritasun legediara egokitzeko udal-brigadak lurzoru guztia maila berean jartzeko beharrezkoak ziren lanak egin dituela zehaztu dute. Brigadak berak egin du gunearen isolamendu termikoa, fatxada guztiak txikituz eta estaldura hori osatuz. Bi leiho ere ireki dituzte, barruan tabike bat altxatu eta iturgintzako instalazioaz, saneamendu-sareaz eta hustubideez arduratu dira eta komunak desgaitasuna duten pertsonentzat egokitu dituzte.
Lan horien bitartez, lokala bost ataletan banatuta geratu da: kafetegia, barra, jatetxea, sukaldea eta
komunak. Oinarrizko obra amaitu ondoren, apirilaren 25etik aurrera akabera-lanei ekingo diete, hala nola hormak zarpiatu eta margotzeari, alikatatuak egiteari, sabaiak estaltzeari, edota elektrizitate, argiteri eta klimatizazio hartuneak gauzatzeari, beste xehetasun batzuen artean.
Daborduko bi bilera egin dituzte lan horietaz arduratuko den enpresagaz, eta asmoa da lokalak ekainaren amaieratik aurrera ateak ireki ahal izatea, baldin eta data horretarako errentariren bat badago.
Iñaki Alonso alkatearen hitzetan, “lanak nahi baino denbora gehiago luzatu zaizkigu, baina itxaronaldiak pena merezi izango duelakoan nago, taberna moderno eta hornitu batez disfrutatuko baitugu aurrerantzean”. Alkatearen ustez, “garrantzitsua da Urizarren espazio hori izatea. Taberna, topaketa gune bilakatzea nahi dugu. Auzotarrek euren artean elkartu, zerbait hartu edota jateko leku erreferente bat izatea. Azken finean, komunitatea egin. Eta bisitan datozenontzat erakargarri suertatzea ere, gelditzeko eta zerbait hartzeko gogoa piztuz. Ahalegin handia egiten ari gara Urizarren
ostalaritza-jarduera biziberritzeko ideiarekin; horregatik, taberna gozatu egingo dugula uste dut”, azpimarratu du.