Orain arte Andrakas auzoa 3 Bis izeneko auzoneagaz hasi dute berrizendapen-prozesua. Azaldu dutenez, inguru horrek zalantza ugari sortzen zituen zerbitzuak gauzatzeko orduan, "eta kexa ugari jaso dira auzokideen aldetik". Udalak eskari horri erantzun gura izan dio, eta dagokion administrazio-prozesuaren ondoren, nomenklatura sinplifikatu du. Aurrerantzean Landeta kalea izango da, eta 1etik 52ra zenbatuko dira. Udalak doan emango dizkie zenbakiak bizilagunei.
Iñaki Alonso alkateak adierazi duenez, “aldaketa horien bidez laguntza-zerbitzu garrantzitsuen etorrera erraztu eta hobetu nahi dugu, hala nola larrialdiena, anbulantziena, suhiltzaileena edota Ertzaintzarena, baita paketeak jaso edo entregatzekoa, posta-zerbitzuena, etab”.
Udala aztertzen ari da antzeko egoeran dauden beste eremu batzuk berrizendatzea. Horregatik, prozesu horrek arazo bera pairatzen ari diren beste inguru batzuekaz jarraituko du. Era berean, alkateak gogorarazi du seinaleztapen-lan horiek aprobetxatuz, Udalak landa-bideen bidegurutzeetako seinaleak indartu dituela Urizar eta Andraka auzoetan.
Era berean, oinezkoentzako pasabide berri bat jarri da Urizarren segurtasuna hobetzeko, LED teknologiadun argi-islagailu berriak dituena. Baliza horiek Armintzako auzoan hondartzara sartzeko dagoen oinezkoen pasabidean ere ipini dira.
Jarduera horiek guztiek 10.165 euroko inbertsioa suposatu dute.