Bilboko Euskal Museoko Euskal kulturaren nazioarteko atea erakusketa ibiltaria gaur heldu da Lemoizera. Kanpo-guneetan erakusteko sortutako 20 panelek osatzen dute erakusketa eta Armintzako portuan egongo da ikusgai hilaren 30era arte.
Iñaki Alonso Lemoizko alkateak eta Sorkunde Aiarza Bilboko Euskal Museoko zuzendariak bisitatu dute gaur erakusketa, horren inaugurazioaren berri emateko. Izan ere, Bizkaiko museoak duela hilabete batzuk itxi zituen ateak, eraberritze integraleko obrak hasi aurretik egin beharreko lanei ekiteko. Hala ere, Museoak proiektuak herritarrei eskaintzeko proiektuak lantzen jarraituko duela adierazi du zuzendariak.
Erakusketaren helburua da bertako jendeari eta bisitariei ezagutaraztea nolakoa izango den Euskal Museo berria, egingo den berrikuntza integraleko prozesuaren ondoren. Bilboko Euskal Museoaren bildumak 50.000 pieza baino gehiago ditu. 100 urtetik gorako historian zehar, "bildumen bilduma" sortu da, erosketen politika aztertuari eta herritarrek eskuzabaltasunez egindako dohaintzei esker. Funtsen aberastasunak eta aniztasunak argi irudikatzen eta islatzen dituzte arbasoen bizitza eta egunerokotasuna osatu zituzten alderdiak. Funtsak zabalik daude, eta etengabe jarraitzen dute hazten, museoa bera bezala.
Azaldu dutenez, erakusketa hau, beraz, baliagarria izango da Euskal Museoaren erakusketa erdi iraunkorra osatuko duten pieza horietako batzuk ezagutzeko. Bildumako pieza horien argazkiak Asier Gómez argazkilariak egin ditu, eta museoko bildumetako teknikariek lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) egindako testuakaz lagunduta aurkeztu dira.