Zerbitzu berri hori erabili ahal izateko, “Línea Verde” aplikazioa deskargatu behar da. Horretarako, erabiltzaileak bere telefono mugikorraren teknologiaren (Android ala iOS) arabera Google Play edo APP Store-ra sartu beharko da. Aurkitu ondoren, deskarga doakoa da. Une horretatik aurrera, erabiltzaileak zein udalerritako gorabehera jakinarazi gura duen aukeratuko du. "Prozedura oso azkarra eta erraza da", azaldu dute udal-arduradunek.
Gorabehera baten berri emateko, nahikoa da “Intzidentzia Berria” botoia sakatzea. Intzidentzien tipologia desberdinak dituen goitibeherako bat agertzen da pantailan. Erabiltzaileak zein udalerriri buruz komunikatu gura duen aukeratu beharko du. Aplikazioak automatikoki detektatuko du zer koordenatu zehatzetan dagoen kaltea. Hurrengo urratsa gorabeheraren argazkia eta hari buruzko oharra eranstea da. Nahikoa da bidaltzeko botoiari ematea. Bidali ondoren, Udaleko langileek jakinarazpena jasoko dute, eta, une horretatik aurrera, antzemandako gorabeherari irtenbidea emateko izapideak hasiko dira. Herritarrek, halaber, telefono mugikorrean jasoko dute jakinarazpena, baldin eta egoera aldatzen bada.
Zerbitzu horren bidez, erabiltzaileak ingurumenari buruzko edozein kontsulta ere egin dezake. Horretarako nahikoa da “Kontsulta berria” aukera hautatzea. Gehienez ere 24 orduko epean, gaian aditua den talde batek erantzuna emango du, erabat doan.
Zerbitzura domeinuaren bidez ere sar daiteke: www.lineaverdelemoiz.eus. Gorabehera baten berri emateaz edo kontsulta bat planteatzeaz gain, erabiltzaileak ingurumenari buruzko kontsulta-eduki zabala du (jardunbide egokien gida, aholkuak, udalerriari buruzko informazioa, etab.)
“Linea Verdek” 902 193 768 telefono-zenbakian ere eskaintzen ditu bere zerbitzuak, 08:00etatik 17:00etara (deiaren kostua: 0,07 €/ min).
Tresna horrek eskaintzen duen beste aukeretako bat da Udalak informazio-komunikazioak jaso gura dituzten herritarrei bidalketak egitea. Horrela, udalerrian mantentze-lanetako gorabeherak konpontzeko kanal bat ezartzeaz gain, egokitzat jotzen den zerbitzu publikoari buruzko informazioa ere helaraz daiteke, hala nola kale bateko trafikoa moztea, udal-ikuskizun jakin batzuen ordutegia edo edozein tokitan gerta daitekeen ura edo argia moztea. Halaber, udalerrian dauden interesgune nagusiak eta horri buruzko informazio garrantzitsua kontsulta ditzakete.