Euskal Herriko 11 sortzaileren poesia bana gordeta dituen ibilbidea osatu du Dabid Martinezek Armintzan. Horietaz gozatu ahal izateko azken eguna izango da bihar, eguaztena, eta, horretarako, hiru kilometroko bidea egiteaz gainera, telefono mugikorra beharko da.
Beheko mapan ikus daitekeenez, ibiltariak begiak ireki beharko ditu 11 kartel topatzeko; horietan, poesia bana egongo da ezkutatuta, eta telefono mugikorra beharko da horiek deskubritzeko, NFC teknologiaren edota QR kodearen bitartez.
Abuztuaren 1ean jarri zuen ekintzaileak egitasmoa martxan, eta bihar, abuztuak 31, emango dio horri amaiera. "Irailaren 1ean instalazioa jaso egingo dugu mendian inolako hondakinik utzi gabe", iragarri du Martinezek.