Lemoizko Udalak bultzatutako proiektu honen helburua da herritarrak hondakinen birziklatze, kudeaketa eta murrizketari buruz kontzientziatzea eta sentsibilizatzea. Udalerriko biztanle guztiengana iristeko diseinatutako ingurumen-proiektua dela adierazi dute udal-iturriek, eta, horretarako umeentzako zein helduentzako aurrez aurreko jardunaldiak eskainiko dituzte, formatu desberdinetan.
Kanpainaren blokeetako bat Lemoizko ikastetxeko ikasleentzat egongo da diseinatuta. Jardunaldi bakoitzean, inguruko itsas fauna eta floraren egoeraz sentsibilizatzeko tailer bat egingo dute, eta udalerriko hondartza garbituko dute, horren ondoren, bildutako hondakinak aztertuko dituzte. Jardunaldi horiek irailaren 20an izango dira Haur Hezkuntzako ikasleentzat eta irailaren 21ean eta 22an Lehen Hezkuntzako ikasleentzat.
Kanpaina honen beste blokea udalerriko helduak kontzientziatzea eta sentsibilizatzean datza, etxean sortzen diren hondakinak kudeatzen eta murrizten eta behar bezala birziklatzen ikasteko hain zuzen ere. Sentsibilizazio-jardunaldi horiek urriaren 25ean eta azaroaren 22an egingo dituzte, 18:00etatik 19:00etara, biak Armintzako kultur etxean.
Lemoizko Udalak Tantak elkartearen laguntza izan du proiektua gauzatzeko. Elkarte horrek lehendik ere lan egin du udalerriko ikastetxean, Uribe Kostako Mankomunitateak zuzendutako ingurumen-hezkuntzako kanpaina bategaz. Tantak programaren funtsezko oinarria, besteak beste, ingurumena zaintzearen gaineko kontzientzia sortzea da, bakoitzak bere etxetik Lemoiz udalerri jasangarriago bihurtzeko bere hondar-alea ekar dezakeela jakinaraziz.