Dokumentalak Jon Uribarri Kopi eta Jon Beldarrain Belda arrantzaleak aurkezten ditu, Armintzakoa bata eta Plentziakoa bestea. Gazte biek beraien arbasoek erabiltzen zituzten teknika tradizionalak baliatzen dituzte, besteak beste, otarrainak arrantzatzeko.
Armintzako portuaren eta arrantzaleen irudi zaharrak tartekatuz, Garikanok eta Serranok arrantzale bien lana filmatu dute, otzarak egiteko materialak batu eta horiek egiteko prozesutik hasita, itsasoan otarrainak harrapatu arte. Gainera, gazte biek itsasoko bizitzaren zailtasunak eta beraien ardurak kontatzen dituzte dokumentalean.
"Horrelako dokumentalak, aro baten bukaerari begiratzen diote, baina ez da honen kasua. Euskal herriko arrantzaren etorkizunean beraiek daukaten konfiantza, inspiratu gaitu gure bideo-lanean", dio dokumentalaren sinopsiak.
Dokumentala daborduko ikusgai dago sare sozialetan, baina Euskal Zine Bileran egingo duten proiekzioa gaur, urriak 20, 19:00etan izango da Lekeition.