Adierazpen instituzionala, osorik
Euskararen alde inork egin dezakeenaz galdetu ohi dugu sarri euskal hiztunok, bereziki Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko gogoetan. Ezin uka,jakina, egin beharreko galdera eta gogoeta dela, baina ez litzateke inola ere zilegi, are gutxiago baliagarria, ikuspegi horretara mugatzea euskararen aldeko jarduera.
Euskararen nazioarteko eguna 1949ko abenduaren 3an ospatu zen lehen aldiz, Eusko lkaskuntzak antolatuta, euskara euskal gizarte osoaren eta gizateria osoaren ondare gisa sustatzeko.
Euskara hizkuntza gutxitu gisa normalizatzeko 40 urteko politiken ondoren, euskara ezagutu, ulertu eta hitz egiteko ahalmena duten herritarren kopurua handitu egin da, baita Lemoizen ere. Hala ere, gure erronka nagusia euskararen erabileran datza, eta horretarako baldintza egokiak sortu behar ditugu erabilera hori modu errazean, praktikoan eta inolako eragozpenik gabe etengabean herritarrari eskaintzeko, bai administrazioan, egunerokotasunean herritarrek bideratzen dituzten kultur eta gizarte eginkizun guztietan, eta nola ez, garai honetan gure kultur, komunikazio, eta gizarte garapenean bektore nagusi bilakatu den mundu digitalean.
Azken urte hauetan, euskarak ukatu ezineko urratsa egin du administrazio publikoan. Erabat gaztelaniaz funtzionatzen zuen administrazioa euskalduntzeko bide luzea egin da, hainbat erakundek ia erabat euskaraz funtzionatzera heldu arte. Baina bide luze honek ere izan ditu bere eragozpenak, hor ditugu adibidez aurten publiko egin diren azken ebazpen judizial batzuk, zalantzan jarria z euskararen oinarrizko egitura juridikoa . Hizkuntza gutxitua da gurea, eta hizkuntza gutxitu baten biziberritze prozesuan egiten den sustapena eraginkorra izango bada, babesa behar du, babes osoa, baita lege babesa ere.
Euskal jendartearen gehiengoak euskararen aldeko jarrera du, eta erakunde publikoei dagokigu euskararen biziberritzea benetakoa eta noranahikoa izatea ahalbideratuko duen akordio sozial eta politiko zabala lortzeko bidea egitea. Abenduaren 3a egun aproposa da bide horren abiapuntua marrazteko. Adostasunez nora goazen argi esan, eta egin beharreko urratsak zehazten hasteko garaia da.
Lemoizko Udalak, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzearen aldeko lanketari ekingo dio, eta zeregin honetan, adierazpen hau sinatzen dugunok, horretarako konpromisoa hartzen dugu.