Duela zortzi urte, Marian Gaztainagak eta bere senarrak pentsatu zuten momentua zela euren alabak kirolen batean hasteko, eta, Lemoizko euskararen erabilera urriari erreparatuz, Etzandarri mendi taldea sortzea okurritu zitzaien. Hala, kirola eta euskara elkartuz, arazo biri irtenbide bakarragaz eman zioten konponbide. "Taldea sortzeko beste mendi talde batzuetako webguneen adibideak eta erreferentziak genituen. Izan ere, badagoz horrelako ekimenak, baina ez euskara hutsean", azaldu du Gaztainagak.
Taldearen eraketa modu "naturalean" eman zen: "Hasieran, gertuko gurasoak eta gure alaben lagunak etortzen ziren. Egun, eskualdeko beste herrietako mendizaleak ere animatzen dira". Hala, 15 pertsona inguru joan ohi dira hilean behin antolatzen dituzten mendi-irteeretara.
Lemoizko egoera soziolinguistikoari dagokionez, uste du herritar nahikok dakitela euskaraz, baina gero horietako gutxik erabiltzen dutela euren egunerokoan: "Gazteek derrigortuta erabiltzen dute arlo akademikoan, baina, gero, ikastetxeetatik kanpo, ez da arrunta euskara entzutea hemen. Gurasoek ere jakin arren ez dute euskaraz egiten haien artean".
Halaber, Gaztainagak aitortzen du taldea sortzerakoan pertsona batzuek zalantzan jarri zutela euskara jakitearen baldintza. "Baina guk argi genuen zer nahi genuen eta, azkenean, nik uste dut jendeak ulertu duela. Baina, zoritxarrez, badirudi batzuentzako zerbait ez zegoela ondo euskara hutsezko mendi talde bat sortzean", deitoratu du.
Halere, argi du egiten dituzten irteerek bultzada ematen diotela hizkuntzari. "Gazteak mendian euskaraz mintzo dira. Kostatu arren, ahalegina egiten dute eta konturatzen dira ez dela soilik mendiko kontua. Euren bizimoduan aldaketa bat gertatzen da euskaraz bizitzean".