Lemoizko hirugarren San Silvestre Herrikoia ospatuko dute abenduaren 31n

Nahia Martinez Gondra 2023ko abe. 13a, 15:35

Proba 12:00etan hasiko da Armintzako portutik abiatuta.

Urte amaierako herri-lasterketa Armintzako kaleetan zehar ospatuko da datorren abenduaren 31n. Lemoizko San Silvestre Herrikoiaren hirugarren edizioa da eta haurrek zein helduek parte hartu ahal izango dute. Proba 12:00etan hasiko da Armintzako portutik abiatuta eta bi ibilbide izango dira: bata 14 urtetik beherakoentzako ibilbide laburra eta gainontzekoentzako ibilbide luzea. Izen-ematea doakoa da eta egun berean egingo da, goizeko 11:00etatik aurrera lasterketaren irteera eta helmuga postuan.

Alde batetik, 14 urtetik beherakoentzako ibilbide laburra, Armintzako herriguneko kaleetan zehar bakarrik egingo da: 6 urtetik beherakoek zehaztutako 325 metroko ibilbideari itzuli bakarra egin beharko diote; 7 eta 13 urte bitartekoek, bi itzuli egin beharko dizkiote zehaztutako ibilbidera, 650 metro guztira.

Bestalde, 14 urtetik gorakoentzako ibilbide luzeak lau itzuli izango ditu, 1.250 metroko ibilbidea izango da eta Armintzako herrigunetik joango da: hondartza zeharkatu arte Armintzekalde kaletik; 5 kilometro guztira.

Hala, Lemoizko Udalak herritarrak animatu gura ditu jai-giroaz gozatzera eta bakarka, familian edo kuadrillagaz parte hartzera. Mozorrotuta joan daitezke parte-hartzaileak eta amaieran txokolatada herrikoia egongo da.​

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun