Lemoizko kirol instalazioetarako abonu sistema berria ezarri dute

Nahia Martinez Gondra 2024ko urt. 15a, 14:16

Frontoien eta padel pistaren erreserbak eta ordainketak modu telematikoan egin ahal izango dira aplikazioa martxan jartzen denean. Argazkia: FREEPIK.

Berriki udaleko kirol instalazioen araudi berritua onartu du Lemoizko Udalak eta aldaketa nabarmenena abonu sistema ezartzea izan da. Hala, abonatua izateak hainbat aukera emango ditu, besteak beste, gimnasioa urte osoan erabiltzeko aukera edo Armintzako eta Urizarko frontoiak eta Andrakako padel pista baldintza hobean erreserbatzeko aukera. Prezio guztien informazioa hemen.

Lemoiz Mugiment Kirol Txartelaren sarean sartzea aurreikusten da laster, eta horrek sareko herrien instalazioak erabiltzeko aukera emango die abonatuei. Abonu bi mota daude: norbanakoena edo familiarra. Azken hau aukerarik merkeena da senide bategaz edo gehiagogaz bizi diren pertsonentzat.

Gimnasioa erabiltzeko derrigorrezkoa izango da abonatua izatea, baina horiek ez dira derrigorrez gimnasiora apuntatu behar. Hau da, pertsona bat abonatu daiteke soilik frontoiak edo padel pista baldintza hobean erreserbatzeko.

Frontoien eta padel pistaren erreserbak eta ordainketak modu telematikoan egin ahal izango dira aplikazioa martxan jartzen denean. Abonatzeko arrazoia soilik erreserbak baldintza hobean egitea bada, aplikazioa martxan jartzen denean egin ahal izango da abonua, urte osoa ordaindu behar izan gabe. Hala ere, instalazio horiek erreserbarik gabe ere erabili ahal izango dira. Abonatua izateko 16 urte beteta izan behar dira eta beharrezkoa da Lemoizen erroldatuta egotea, bertako etxe baten jabea izatea edo bertako etxe batean alokairuan bizitzea.​

Eskaera udaletxean edo kultur etxean egin daiteke ondorengo dokumentazioa aurkeztuz: inprimakia beteta, NAN, kontu korrontearen egiaztagiria, familia liburua eta erroldatu gabekoak; etxebizitza baten jabetza frogatzeko agiria edo alokairu kontratua, familia liburua ere eskatuko da famili abonua egin gura bada.

Gaur egungo gimnasioko erabiltzaile erroldatuak modu automatikoan pasatuko dira sistema berrira norbanako abonatu gisa. Familia abonua egin gura dutenek eskaera berria egin beharko dute. Neurri guzti hauek herritarren artean kirola egitea sustatzea du helburu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun