Armintzako aparkalekua asko erabiltzen dute lemoiztarrek eta bisitariek. Hitzaldiak izaera informatiboa izango du, baina, era berean, bertaratutakoek Armintzako aparkalekurako aurkeztutako proposamenari buruzko ikuspuntua emateko, eta udalerriko puntu estrategiko hori hobetzeko moduari buruzko ekarpenak egin ahal izateko diseinatuta dago.
Datozen hilabeteetan, Udalak herritarrakaz batera partaidetza- eta hausnarketa-prozesu bat egingo du Lemoizerako nahi duten herri eredua modu parte-hartzailean sortu eta aurrera egiteko. Hala, prozesu horri lotuta dauden arloetako udal teknikariei eta herritarrei irekitako saio batzuk egingo dira, hiru gai nagusien ingurukoak: herri-eredua (etxebizitza, ekipamenduak, turismoa, baso-eredua, lehen sektorea, klima-aldaketa...), mugikortasun jasangarria (aparkalekua, garraioa...) eta zentral nuklearra (ondare historikoa, erabilera posibleak: akuikultura eta akuikultura-ereduak; Basordasko kala; zentralak itsasertzean duen eragina...).