Film-laburrak

Laburbira 2024ko lehenengo saioa Lemoizen egingo da, apirilaren 12an

Nahia Martinez Gondra 2024ko mar. 26a, 10:07

Armintzako kultur etxea. ©LEMOIZKO UDALA

Lemoizek bat egin du aurten Laburbira 2024gaz, apirilaren 12an Armintzan egingo den emanaldiagaz. Bertan, aurtengo zirkuituan aukeratutako zortzi film laburrak proiektatuko dira. Proiekzio bira apirilaren 12an hasiko da eta hilabetez luzatuko da, maiatzaren 12ra arte. Lemoizen eskainiko den saioa, beraz, ekimenaren lehen egunean egingo da. Sarrera doakoa da eta 19:00etan hasiko da Armintzako kultur etxean. Laburbirari buruzko informazio gehiago, hemen

Irudienea euskaltzaleen topaguneak bultzatutako ekimena da, TOKIKOM-en, hiru foru aldundien eta EHUko Mikel Laboa katedraren laguntzagaz. Aurtengoa 21. urtea da, eta bertan euskaraz ekoitzitako eta Euskal Herri osoko udalerrietan proiektatzen diren iraupen laburreko ikus-entzunezko piezak hautatzen dira. Laburbiraren helburua bikoitza da: alde batetik, zinemagileei beren lanak erakusteko aukera eman nahi die askotariko estiloen erakusketagaz, eta, bestetik, euskaraz sortutako film laburrak ezagutarazi nahi dizkie herritarrei.

Hauek dira bertaratutakoek ikusi ahal izango dituzten ikus-entzunezko ekoizpenak: Dena asmatuta dago (Jone Arriola), Katalinaren Zoria (Guillermo Ordas), Erro (Amaia Lejarreta), Babesa (Ander Iruretagoyena), Mundu Berri Bat (Mikel Alvarez), Zirrara (Ane Cuesta), Talkak (Ilune Diaz eta Jordi Nuet) eta Betizu Buru (Kim Maiteny Munoa).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun