Instalazio horren lursailakaz batera, inguruko lursailak ere sartuko dira eztabaidan, guztien artean etorkizunean egin gura den aprobetxamendua erabaki ahal izateko, bideragarritasuna kontuan hartuta. Horretarako, ingurumen, historia- eta industria-ondare eta akuikultura arloetako adituen esku-hartzeak izango dira.
Hauek dira maiatzaren 12an, 10:30ean hasita, egingo den saioetako hitzaldiak:
- Nuklearren aurkako borroka. Eta orain zer?: Jose Ramón Etxebarria
- Zentralaren ondare historikoa: Valentin Elortegi
- Turismoa eta ondare industriala: Juan Requejo
- Akuikultura (ereduak eta inpaktuak): Ibon Cancio
- Basordas ingurunearen berreskuratzea ingurumenaren ikuspuntutik: Arturo Elosegi
- Industria-ingurune abandonatuak berreskuratzea (adibidez, Ruhr-aren arroa): Ana Laura Jerscke
Aurretik jakinarazi den bezala, Lemoizko Udalak, martxoan, partaidetza- eta hausnarketa-prozesu bat abiarazi zuen, udalerriko herritarrekin eta eragileakaz batera, gura zuen herri-eredua partaidetzaz sortzeko eta aurrera egiteko. Horretarako, udal-teknikariei eta herritarrei irekitako saio batzuk antolatu dira, HAPO berrian sartuko diren eta etorkizun hurbilean gehien eragingo diguten gai batzuei buruz.