Lurzoruaren gaineko pintura lehiaketa antolatu dute Lemoizen, maiatzaren 25erako

Nahia Martinez Gondra 2024ko mai. 9a, 14:04

Lehenego saria irabazten duenak 200 euro eraman ditzake etxera. ©FREEPICK

Herriko horma eta fatxada batean ideia onenak horma irudietan islatzeko helburuagaz, Lurretik hormara proiektua martxan jarriko du Lemoizko Udalak. Hala, bizilagunek egindako marrazkietan islatutako ideietatik abiatzen diren irudiak eramango dituzte herriko fatxada batera. Horretarako, nahi duen edonork parte hartu ahal izango duen lehiaketa publiko bat antolatu dute maiatzaren 25ean.

Proiektuak bi fase ditu, pintura lehiaketa bera, eta aukeratutako fatxadan horma-irudia egitea lehiaketaren marrazki bat edo gehiago oinarri hartuta. Lehenengo fasea maiatzaren 25ean egingo da, Urizarko frontoi irekian.

Eguneko egitaraua honako hau izango da:

  • 10:30etik 11:00etara lehiaketan parte hartzen duten pertsonen izen-ematea.
  • 11:00etatik 14:00etara lurrean marrazki-pinturak egitea.
  • 14:00etan epaimahaiaren bilera marrazki eta ideia irabazleak aukeratzeko.

Lehiaketaren materialak, klariona eta ikatz-ziria, Lemoizko Udalak jarriko du. Jorge Rubio eta Sonia Rueda artista profesionalek eta Jai Batzordeko kide batek osatutako lehiaketako epaimahaiak marrazki edo ideia irabazleak aukeratu ondoren, proiektuaren bigarren fasean paretan islatuko den zirriborroa egingo da.

Sariak hauek izango dira:

  • 1. saria: 200 euro.
  • 2. saria: 100 euro.
  • 3. saria: 50 euro.

Lehiaketaren irabazlea edo irabazleak aurkezpen ekitaldi batean jakinaraziko dira, 2024ko ekainaren 29an Armintzako Kultur Etxean, 'Pinturitas' tailerraren urteroko erakusketarekin batera. Horrez gain, proiektuaren lehen fase honetan ateratako argazkiak erakutsiko dira. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun