Armintzan daborduko TAO-a martxan jarri dute

Nahia Martinez Gondra 2024ko mai. 21a, 10:26

Gune berdeak daude Atalaia, Elizondo, Portubidea, Portugane, Erbera eta Armintzekalde kaleetan. © LEMOIZKO UDALA

Aparkatzeko udal zerbitzu arautuaren ordenantza berria abian dago Lemoizen, eta, hala, daborduko aparkatzeko txartela eska daiteke. Armintzako eremu jakin batzuk marra berdeakaz mugatu dira, eta ezarritako ordutegietan horretarako baimena duten ibilgailuek bakarrik aparkatu ahal izango dute. Eremu horiek hurrengo kaleetan daude: Atalaia, Elizondo, Portubidea, Portugane, Erbera eta Armintzekalde.

Ordenantza berriaren arabera aparkatzeko-muga ondorengo data eta ordutegietan aplikatuko dira: maiatzaren 1etik 31ra eta urriaren 1etik 15era, zapatu, domeka eta jaiegunetan, 12:00etatik 20:00etara; ekainaren 1etik 30era eta irailaren 1etik 30era, lanegunetan, 15:30etik 20:00etara eta zapatu, domeka eta jaiegunetan, 12:00etatik 20:00etara eta uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, asteko egun guztietan, 12:00etatik 20:00etara. Hala ere, egun berezietan, esaterako, Karmengo jaietan, zonak eta ordutegiak aldatu ahal izango dira, eta hori Lemoizko Udalaren ohiko bitartekoen bidez jakinaraziko dute.

Eremu berdeetan egun eta ordu horietan aparkatu ahal izateko ibilgailuak horretarako baimena duela adierazten duen txartela kanpotik ondo ikusteko moduan jarrita izan beharko du. Aurten, egunero kontrolatuko da arautegia betetzen den ala ez. Eremu horietan aparkatzeko behar diren txartelak lortzeko prozedurari dagokionez, honako hau da:

  • Lemoizko Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen erroldan alta emanda dauden ibilgailuak: jabeek posta bidez jasoko dute ibilgailuaren txartela etxean ezer egin gabe, baldin eta Lemoizko Udalaren zerga eta beharkizun guztiak ordainduta badituzte.
  • Lemoizen erroldatuta dauden pertsonen edo bertako etxebizitzen jabe edo errentari diren pertsonen eta Lemoizko Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen erroldan alta eman gabe dauden ibilgailuak: Lemoizko udaletxean aurkeztu beharko dute eskabidea eta hurrengo dokumentazioa aurkeztu:
    • Ibilgailuaren zirkulazio-baimena.
    • Etxebizitzen jabeen eta errentarien kasuan, etxebizitzaren jabetza-ziurtagiria edo indarrean dagoen alokairu-kontratua.

Kasu horietan, etxebizitza bakoitzeko aparkaleku-txartel bakarra emango da, beti ere, etxebizitza horrek aurretik beste aparkaleku-txartelik ez badu.

  • Lemoizen erroldatutako pertsonen renting edo leasing ibilgailuak. Udalean honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
    •  Renting edo leasing kontratuaren fotokopia.
    •  Eskatzailea gidari duen aseguru-polizaren fotokopia.
  • Lemoizen erroldatutako ohiko gidariak dituzten enpresa ibilgailuak. Udalean honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
    • Enpresaren ziurtagiria, eskatzailea ibilgailuaren erabiltzaile bakarra dela eta ibilgailua lanorduetatik kanpo edukitzeko baimena duela adierazten duena.
  • Armintzako enpresen langileen eta jabeen ibilgailuak. Udalean honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
    • Eskatzailearen lan-kontratua, besteren konturako langileen kasuan.
    • Enpresaren jabetza-agiria, jabeen kasuan.

Pertsona bakoitzeko auto bakarrerako txartela emango da kasu guztietan.

© LEMOIZKO UDALA

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun