Armintza Pilota Kirol Elkarteak udako campusa antolatu du abuztuaren 26tik 30era

Erredakzioa 2024ko abu. 16a, 12:20

Jarduerak Armintzako pilotalekuan egingo dituzte goizez. © IREKIA
Armintza Pilota Kirol Elkarteak udako campusa eskainiko du aurten lehen aldiz Urizarreko eta Armintzako frontoietan. Izen-ematea zabalik egongo da abuztuaren 23ra arte.

¡Pala modalitatean hasteko campusa izango dela azaldu dute elkarteko kideek. 2015 eta 2018 artean jaiotako lemoiztarrek parte hartu ahal izango dute txikien taldean, eta 2010 eta 2015 artean jaiotakoek gazteen taldean. Jarduera guztia girorik onenean egingo da, eta monitore adituek gidatuko dute, eta, besteak beste, jokoak, zozketak eta sorpresak izango dituzte gaztetxoen gozamenerako.

Ordutegia 10:00etatik 11:30era izango da lehen taldearentzat, eta 11:45etik 13:15era bigarrenarentzat, nahiz eta talde bakoitzaren beharretara egokituko duten. Parte hartzeko prezioa 80 eurokoa izango da Lemoizen erroldatutako pertsonentzat, Armintza Pilota K.E. klubeko kideentzat eta neskentzat, eta 100 eurokoa izena eman duten gainerakoentzat.

Izena eman duten pertsona guztiek kamiseta bat ere jasoko dute opari gisa. Plazak mugatuak dira, eta izena emateko epea abuztuaren 23ra arte egongo da zabalik lotura honetako formularioan. Ekimenari buruz informazio gehiago eskuratu daiteke 689 854 946 eta 680 641 420 telefono-zenbakietan edo armintzapke@gmail.com helbidera idatziz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun