Armintzako kultur etxea izango da kanpainaren fase hau abiaraziko duen tokia. Urtea amaitu arte iraungo du, eta eskualdeko zazpi udalerriak zeharkatuko ditu erakusketa ibiltariagaz eta familia eta helduei zuzendutako jarduerakaz. Doako erakusketa zabalik dago daborduko, irailaren 22ra arte, Armintzako kultur etxean. Itsasotik jasotako hondakin plastikoakaz eta horiek planetan duen eraginari buruzko dokumentu grafikoakaz egindako hainbat figuraz osatutako erakusketa da.
Ipuin kontalarien saioari dagokionez, irailaren 21ean, zapatuan, izango da, arrastiko 18:00etan, erakusketaren toki berean. Alberto Bargosek Kiribil doktorea mikroplastikoen aurka! obra interpretatuko du, 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Ipuin saio honetan, naturaren kontserbazioagaz, itsasoakaz, mikroplastikoakaz eta garapen iraunkorragaz lotutako istorioak kontatuko dira. Jarduera honetara joateko ez da beharrezkoa izena ematea, baina gehienez 50 lagunentzako lekua egongo da.