Martxan jarri du auzotaxi zerbitzua Lemoizko Udalak

Nahia Martinez Gondra 2025ko eka. 17a, 09:35

Zerbitzua astelehenetik barikura eskainiko da.

Lemoizko Udalaka auzotaxi zerbitzua ezartzea eta martxan jartzea onartu du inguruko lekuetarako irisgarritasuna hobetzeko helburuagz. Hala, udalerriko auzoen eta tokiko zerbitzu nagusien artean, baita udalerritik kanpo kokatutako funtsezko ekipamenduakaz ere (Urdulizko Ospitalea, Gorlizko Erietxea, banketxeak, dendak, garraio publikoko guneak...) lotura arina, eskuragarria eta jasangarria bermatuko dute. 

Lemoizen erroldatutako pertsonek Udalak partzialki diruz lagundutako autotaxi zerbitzu bat jaso ahal izatea aurreikusten du, auzotaxi Zerbitzua arautzen duen Ordenantzan jasotako tarifa irisgarriakaz (Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 43. zk., 2025eko martxoaren 4koa).

Zerbitzua martxan jartzeko, 15 egun naturaleko epea ireki da, Lemoizen indarrean dagoen udal lizentzia duten taxilariek zerbitzuari atxikitzeko eskaera aurkezteko aukera izan dezaten. Interesdunek ezarritako baldintzak bete eta dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko dute, honako hauek barne:

  • ​Atxikitzeko eskaera sinatuta, harremanetarako datuakaz eta zerbitzua emateko telefono-zenbakiagaz.
  • Lemoizen pertsonak jasotzeko indarrean dagoen taxi-lizentzia aurkeztu, ibilgailuaren dokumentazioa, gidabaimena eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta eman izanaren kopiagaz batera.
  • Tarifak, ordutegiak eta zerbitzuaren baldintzak arautzen dituen Udalak onartutako hitzarmen tipoa baldintzarik gabe onartzea.

Zerbitzua astelehenetik barikura eskainiko da, goizeko 07:30etik arrastiko 20:00etara, eta zapatuetan 09:00etatik 13:00etara. Lemoizen erroldatuta dauden bizilagunek erabili ahal izango dute (16 eta 18 urte bitarteko pertsonen kasuan, aitaren/amaren edo legezko tutorearen berariazko baimenagaz, eta 16 urtetik beherakoen kasuan, heldu baten laguntzagaz).

Udalak ordainduko du ibilbidearen benetako prezioaren eta erabiltzaileak ordaintzen duen zenbatekoaren arteko aldea, ordenantzan eta dagokion hitzarmenean aurreikusitako baldintzetan. Horretarako, 10.000 euroko partida onartu da. Erabiltzaileentzako prezioa, gaur egun, 3,00 eurokoa da Lemoizko udalerrian egindako bidaia bakoitzeko, eta 4,50 euro ordenantzan aurreikusitako beste helmuga batzuetara egindako joan-etorrietarako, lekualdatzen diren bidaiarien kopurua edozein dela ere.

Informazio gehiago gura izanez gero edo eskabidea aurkezteko, interesatuek Lemoizko Udalera jo dezakete ohiko ordutegian, edo jarraian erantsitako dokumentazioa kontsultatu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun