Aparkaleku politikak Armintzako herritarrei kalte egitea leporatu dio Lemoizko EAJk EH Bilduri

Nahia Martinez Gondra 2025ko uzt. 14a, 13:33

Armintzako kotxeak. © EAJ

Lemoizko EAJ alderdiak gobernu taldearen kontrol falta kritikatu du, "kanpotik etorritako gidariek egoiliarrentzat gordetako plazak hartzea ahalbidetzen ari delako". Halaber, arau-hauste horiengatik ezarri ziren isunak kobratzeari utzi diotela deitoratu dute. 

Lemoizko alderdi jeltzaleak ohartarazi duenez, kontrol eta zaintza falta sumatzen du herriko aparkaleku sisteman: kanpotik datozen gidariek eskubiderik izan ez arren hartzen dituzte egoiliarrentzat gordetako plazak, eta horrek haserrea eta kalte nabarmena eragiten die inguruko bizilagunei.

Gainera, salatu dute azken urtean, EH Bilduk 30.000 euro inguru kobratzeari utzi diola aparkaldi mugatuko guneetan sartzen diren ibilgailuei jarritako isunetan. Jeltzaleek salatu dutenez, kopuru horrek agerian uzten du gobernu taldeak arauak betearazteko orduan duen "interes eza eta utzikeria".

“EH Bilduren kudeaketa ez eraginkorra izateaz gain, inkoherentea ere bada. Espaloietan, lorategietan edo debekatutako eremuetan autoak libreki aparkatzen uzten duten bitartean, murrizketak betetzea eskatzen diete egoiliarrei, inolako ondoriorik gabe”, gaitzetsi du EAJk.

Alderdi jeltzaleak deitoratu du gaizki aparkatutako ibilgailuek oinezkoentzako guneak inbaditzen dituztela, herritarrak galtzadatik ibiltzera behartuz. Halaber, uste du poliziaren presentzia ezak eta gobernu-taldeak Ertzaintzaren esku-hartzea eskatzeari uko egin izanak Armintzako kaleetan "desordena areagotzea" ekarri dutela.

Hala, EAJk udal-gobernuari eskatu dio dagokion erantzukizunaz jabetzeko eta auzoan mugikortasun-, segurtasun- eta mantentze-arazoak konpontzeko benetako neurri eraginkorrak martxan jartzeko. Era berean, gogorarazi du
aurreko legealdian aparkalekua hobetzeko hainbat proiektu iragarri zirela, baina oraindino ez direla bete. “Arazoak ez dira aitzakiekin konpontzen, ezta promesa hutsekin ere. Armintzako herritarrek kudeaketa arduratsua, konprometitua eta eraginkorra merezi dute, egungo utzikeria bertan behera uzteko, eta, jakina, ez dute EH Bilduren gutxiespena ere merezi”, kritikatu du EAJk.

EAJk zalantzan jartzen duen beste gai bat da aparkaleku-sistemaren diseinuan, seinaleztapenean eta zaintzan udalak egin duen 70.000 eurotik gorako inbertsioa. "Zenbateko hori azken urteetako udal-inbertsioaren laurden bat da, eta hori da, EAJren iritziz, baliabide publikoak bidegabe xahutzea da".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun