Marmitako eta arrantza giroan blaituko da Armintza abuztuaren 2an

Ander Zarraga 2025ko uzt. 29a, 14:08

Lehiaketa goizean izango da, eta, arratsaldean, umeentzako arrantza-lehiaketa egingo dute. © AIARALDEA

Datorren abuztuaren 2an Armintzako portuak tradizioz eta zaporez beteriko eguna biziko du berriro, Marmitako Txapelketa eta haurrentzako arrantza-lehiaketaren ospakizunagaz. Egun osoko jaia antolatuko dute, euskal sukaldaritza eta itsas kultura uztartzeko.

Armintzako portuan usadio gastronomiko ezagunenetako batez gozatzeko aukera egongo da zapatuan ospatuko duten Marmitako Txapelketan. Lemoizko Udalak antolatuta, goizeko 09:00etan emango diote hasiera egitarauari, eta lehiaketan parte hartzeko aukera izango da bai norbanako gisa bai taldean, inolako muga kopururik gabe.

Izena ematea doakoa izango da, eta goizeko 11:00ak arte egin ahal izango da portuan dagoen kofradian bertan. Lehiaketan parte hartzeko, parte-hartzaileek euren kabuz eraman beharko dituzte bai osagai guztiak bai tresneria osoa, kazola barne. Gutxienez sei errazio prestatu beharko dituzte, eta marmitakoaren oinarrizko osagaiak honako hauek izango dira: patatak, hegaluzea, tomate naturala, piper txorizeroa, piper berdea, tipula, baratxuria, oliba-olioa, gatza eta salda. Prestaturiko platerak 14:00etatik 14:30era arte aurkeztu beharko dira, eta epaia 15:00etan emango da, kofradian.

Epaimahaia Lemoizko Udalak izendatutako hiru kidek osatuko dute, eta irizpide nagusien artean zaporea, aurkezpena eta prestaketa puntua izango dituzte kontuan. Irabazleek kazolak eta txapelak jasoko dituzte sari gisa.

Ingurumena zaintzea oinarrizko baldintza izango da, horregatik, suak gas bidezkoak izango dira soilik, eta debekatuta egongo da egurrez edo ikatz bidez kozinatzea, baita belarrean zuzenean su egitea ere. Antolatzaileek parte-hartzaileei ingurua garbi mantentzeko eta hondakinak egoki jasotzeko eskatu diete.

Arrantza txikienentzat

Marmitako Txapelketagaz batera, umeentzako arrantza-lehiaketa ere ospatuko da egun berean, 0 eta 15 urte artekoentzat. Izena 16:00etatik aurrera eman ahal izango da, kofradian bertan, eta Zigorri Gusu izango da erreferentzia pertsona. Lehiaketa 16:30etik 18:30era egingo da, eta parte-hartzea doakoa izango da.

Lehiaketa honek Marmitako Eguneko ohiko ekitaldien artean tokia finkatu du urteekin, eta txikienei arrantza eta itsas kulturaren esperientzia berezi bat bizitzeko aukera ematen die, sariak eta dibertsioa bermatuta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun