Desfibriladore automatikoak jarri dituzte Lemoizko hiru puntu estrategikoetan

Nahia Martinez Gondra 2025ko ira. 29a, 10:13

Urizarko udaletxeko arkupetan jarri dute desfibriladore automatikoetako bat. © LEMOIZKO UDALA

Lemoizko Udalak hiru desfibriladore automatiko (DEA) jarri ditu udalerriko kokaleku estrategikoetan: Andrakan, Rufino Arrola plazako arkupetan, Urizarko udaletxeko arkupetan eta Armintzako arrantzaleen etxean, jubilatuen lokalaren eta gaztetxokoaren artean. Desfibriladore automatikoek bihotz-gelditze kasuetan erritmo kardiakoa berrezartzea ahalbidetzen dute, deskarga elektriko kontrolatu baten bidez. 

Gailu hauek ahots eta ikus-argibideakaz gidatuta funtzionatzen dute, eta horrek aukera ematen du edozein pertsonak, nahiz eta osasun-formaziorik ez izan, larrialdi egoeretan erabili ahal izateko. 

Ekimen hau osatzeko, Lemoizko Udalak herritar guztiei zuzendutako prestakuntza saio teoriko-praktiko bat antolatu du. Saioa datorren urriaren 9an izango da, 17:00etan, Armintzako kultur etxean, eta gutxi gorabehera hiru orduko iraupena izango du. Bertan, desfibriladoreen funtzionamendua azalduko da, lehen sorospenen oinarrizko kontzeptuak landuko dira eta simulazio praktikoak egingo dira parte-hartzaileek gailuaren erabileran trebatzeko.

Prestakuntza-saio honetan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da izena ematea Armintzako kultur etxean edo 946 879 037 telefono zenbakira deitzen, 16:30etik 20:00etara bitarteko ordutegian. Udalak azaldu duenez "eremu publikoetan horrelako gailuak izateak bizitza salbatzeko erabakigarriak izan daitezke".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun