Lemoiztarren parte-hartzea eskatzen dute udalerriko mugikortasun-diagnostikoa egiteko

Ander Zarraga 2025eko urriaren 14a

Udalak eta Aldundiak udalerriko garraio-sistema publikoa hobetzeko egingo dute inkesta. © LEMOIZKO UDALA

Lemoizko Udala mugikortasun-diagnostikoa egiten ari da udalerriko bizilagunen joan-etorriak eta eguneroko beharrak hobeto ezagutzeko. Ekimen hau Bizkaiko Foru Aldundiagaz elkarlanean garatzen ari da, eta helburua garraio publikoaren sistema eraginkorrago, irisgarriago eta jasangarriago bat diseinatzeko behar den informazioa biltzea da.

Horretarako, herritarren artean inkesta anonimo bat egingo dute urriaren 24ra arte. Bertan, biztanleek lanerako, ikasketetarako, erosketetarako edo aisialdirako egiten dituzten joan-etorri ohikoei eta garraiobideei buruzko lehentasunei buruz erantzun ahal izango dute.

Udalak azpimarratu du zeregin horretarako herritarren parte-hartzea "funtsezkoa" dela: "Zenbat eta herritar gehiagok parte hartu, orduan eta errealagoa izango da jasotako diagnostikoa eta, ondorioz, orduan eta egokiagoak izango dira etorkizuneko mugikortasun-neurriak".

Inkesta online bete daiteke karteletako QR kodea eskaneatuta edo esteka honen bidez, eta paperean ere aurkeztu daiteke udaletxean edo Armintzako kultur etxean.