Olatu-hormak 300 metroko luzera du, eta hainbat erosio ditu. Sprilur izeneko erakunde publikoak zehaztu duenez, mendebaldeko 100 metroak mantendu daitezke eta ez dute presazko esku-hartzerik behar. Hala ere, gainerako 200 metroetan higadurak agerikoak dira eta inguruak oso biribilduta daude, itsasoaren eraginez eta blokeen arteko kolpeen ondorioz. Beraz, beharrezkoa izango da kanpoko mendoitza indartzea azken 230 metroetan.
Azpiegitura egonkortzeko, 45 tonako 415 hormigoi-bloke jarriko dira. Bloke hauek bertan fabrikatuko dira, eta horretarako, inguruko plantetako hormigoia erabiliko da. Instalazio-lanak beldar-garabi baten bidez egingo dira, 40 metroko altueran lehorrean eta 52 metroko sakoneran ur azpian mugitzeko gai dena. Proiektu osoak sei hilabeteko iraupena eta 2,8 milioiko aurrekontua izango du.
Oinezkoen bidea berreskuratzea
Aldi berean, Sprilurrek bigarren proiektu bat abiaraziko du: BI-3151 errepidea dikerako sarbideagaz lotzen duen oinezkoen bide tradizionala berreskuratzea. Bideak 400 metro baino gehiago ditu, eta gaur egun landaretzak hartzen du ia osorik, zati batzuetan igarobidea oztopatzeraino. Jarduera horiek burutzeko aurreikusitako aurrekontua 203.000 eurokoa da, eta hiru hilabeteko iraupena izatea espero da.
Lan horien barruan, lehenik eta behin, landaretza garbituko da (espezie inbaditzaileak barne), eta ondoren, xafla geotextilak jarriko dira. Era berean, hormigoizko zatietan labainketa saihesteko tratamendua egingo da eta eskailerak jarriko dira malda handieneko puntuetan. Ibilbidea mugatzeko eta segurtasuna hobetzeko, egurrezko hesi bat ere jarriko da.
Proiektu honek ingurunean eroso, seguru eta bisualki integratuta egongo den zirkulazioa bermatzea du helburu. Horretarako, itsaslabar ondotik doan eremuan, sarezko hesi bat jarriko da oinezkoak babesteko, paisaiaren estetika aldatu gabe.