Ekimenak 7/2022 Legea betetzea du helburu; hau da, hondakinei eta lur kutsatuei buruzko legea. Era berean, udalerrian amiantoaren presentziari buruzko informazio zehatza eta eguneratua izatea ere gura du. Udaletik azpimarratu dutenez, ezagutza hori funtsezkoa da osasun publikoa babesteko eta ingurumen-segurtasuna bermatzeko.
Egingo diren ikuskapenak kanpotik egindako behaketa bisualak baino ez dira izango. Langile teknikoak ez dira etxebizitzen edo lokalen barrura sartuko, ez diete jabe edo bizilagunei dokumentaziorik eskatuko, eta ez dute inolako esku-hartzerik egingo aztertutako elementuetan.
Ikuskapenetan, kale publikotik ikus daitezkeen zuntz-zementuzko elementuak identifikatuko dira soilik: teilatuak eta estalkiak, hustubideak eta hodiak, tximiniak, fatxadetako estaldurak, loreontziak eta antzeko eraikuntza-elementuak.
Udalaren esanetan, inbentario honek aukera emango du amiantoaren kudeaketari buruzko araudia behar bezala betetzen dela ziurtatzeko, eta, aldi berean, herritarren osasuna eta ingurunea babesteko neurriak indartzeko.