Armintzako Bimepeko azpikontratako langileak greban daude hitzarmen propioa eskatu eta euren lan-baldintzak egokitzeko

Ander Zarraga 2026ko martxoaren 25a

UTE Bimep 2021 enpesako langileak egunero batzen dira Energiaren Euskal Erakundearen atarian. © ELA SINDIKATUA

UTE BIMEP 2021 enpresako 15 langileak mobilizazioak egiten ari dira hitzarmen propio bat lortzeko, izan ere, salatu dutenez, gaur egun aplikatzen zaien Estatu mailako Segurtasun Pribatuko Hitzarmenak ez ditu jasotzen Armintzan egiten duten jardueragaz bat datozen lan-baldintzak. Plantillak otsailetik aurrera elkarretaratzeak abiatu ditu Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) eta Bimep erakundearen aurrean, eta negoziazioak azkartzeko asmoz, eguen goizero kontzentratzea erabaki dute.

Langileek azpikontratatutako zerbitzua ematen diete Bimepi eta EEEri, eta Armintzako lantokitik Tecnaliak eta beste enpresa batzuek Bizkaiko kostaldean dituzten balizak eta ikerketa-tresnak zaintzen. ELA sindikatuak ordezkatutako plantillak azaldu duenez, egungo hitzarmenak "segurtasun pribatuari" lotutako baldintzak arautzen ditu, baina euren eguneroko zereginak oso bestelakoak dira; horregatik, 2025eko martxoan enpresari hitzarmen propioa eskatu zioten.

Aldarrikapenen artean, lan-egutegiaren antolakuntza hobetzea ezarri dute lehen lerroan, hitzarmenak ezartzen dituen orduak modu egokian betetzeko. Halaber, kategoria profesional bi proposatu dituzte —patroia eta marinela— egiten dituzten zereginen araberako aitortza izateko. Soldaten atalean, 1.600 eurotik gorako soldata duinak ere eskatu dituzte, kopuru horretara iristeko aparteko orduetan oinarritu gabe. Horrez gain, opor-egun gehiago eta ordaindutako baimenen hobekuntza ere eskatu dituzte, beste neurri batzuen artean.

Langileen arabera, hiru bilera egin dituzte enpresagaz, eta EEEgaz ere bildu dira; bilera horretan, adostu zuten erakundeak enpresari eskatzea plantillaren hitzarmen-proposamena aztertzeko. Orain, negoziazioak bideratzeko eta presioa handitzeko, mobilizazioei eutsi diete eta elkarretaratzeakaz jarraituko dutela iragarri dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun