Lemoizko udal-eraikinen etorkizuna herritarrekaz diseinatu gura dute

Ander Zarraga 2026ko apirilaren 9a

Udalak herriko eraikinen erabilera egokitu eta birdefinitu gura du, herritarren beharrak asetzeko. © LEMOIZKO UDALA

Udalak udalerriko sei ekipamendu nagusiren erabilerak eta beharrak definitzeko prozesua abiatu du. Ekimen honen bidez, Armintza, Urizar eta Andrakako kultur guneen eta lokalen etorkizuneko inbertsioak herritarren, elkarteen eta teknikarien artean adostu gura dituzte, epe luzerako ikuspegi bateratua lortzeko.

Lemoizko Udalak udalerriko bizitza sozial eta kulturalerako funtsezkoak diren eraikinen etorkizuna aztertzeko eta erabakitzeko prozesu komunitarioa aurkeztuko du. Ekimenaren helburu nagusia da ekipamendu horietan egin beharreko eraberritzeak eta inbertsioak modu isolatuan egin beharrean, herritarren benetako beharrei erantzungo dien plan orokor baten baitan kokatzea.

Hala, prozesuak udalerriko gune desberdinetako azpiegiturak hartuko ditu barne, bakoitzak bere berezitasun eta egoera propioagaz: Armintzan kultur etxea, jubilatuen lokala eta gaztegunea; Urizarren kultur gela eta udaletxe zaharra; eta Andrakan kultur gela. Gune horiek Lemoizko elkarte eta bizilagunentzat ezinbestekoak badira ere, Udalak aitortu du batzuek hobekuntza sakonak behar dituztela eta beste batzuek aukera berriak eskaintzen dituztela zerbitzu komunitario berriak hartzeko.

Udalak aurkeztu duten prozesuak lau hilabete inguruko iraupena izango du, eta denbora-tarte horretan, dinamika ugari antolatuko dituzte ekarpenak jasotzeko: elkarrizketa pertsonalak, tailer taldeak, lan-saio teknikoak eta eztabaidarako gune irekiak. Prozesuan eragile guztiek izango dute ahotsa: udal-talde politiko zein teknikoek, gaur egungo erabiltzaileek, tokiko elkarteek eta, oro har, Lemoizko herritarrek.

Udalak iragarri duenez, asmoa hausnarketa kolektibo honi esker gune bakoitzaren potentziala ahalik eta gehien aprobetxatzea da, topagune gisa duten eginkizuna indartuz eta unean uneko adabakiak jarri ordez, ikuspegi estrategiko bat definituz. 

Behin dinamikak amaituta, itzultze-fase bat egingo dutela ere iragarri dute. Saio horretan, jasotako ondorioak eta herritarrek proposatutako lehentasunak aurkeztuko zaizkio komunitateari. Ekintza honen bidez, Lemoizko Udalak herritarren parte-hartzearekiko duen konpromisoa berretsi nahi du, kudeaketa publikoa eta udalerriaren etorkizuna elkarlanean diseinatzeko tresna gisa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun