Etzandarri Mendi Taldeko kideak Ausa-Gaztelu mendira irteera antolatuko dute igande honetarako

Ander Zarraga 2026ko apirilaren 16a

Lemoizko mendizaleek hitzordua dute apirilaren 19an Gipuzkoako Aralar mendi-lerrora jotzeko. Larraitzetik abiatuta, "Txindokiren bikia" bezala ezagutzen den tontorra igoko dute; bederatzi kilometroko ibilbide erraza da, amaiera gogorragaz.

Domekan, apirilaren 19an, mendi irteera berria egingo dute Lemoizko Etzandarri Mendi Taldeko kideek, oraingoan Gipuzkoako Aralar aldera joz. Goizean goiz abiatuko dira Abaltzisketako Larraitz auzotik, Ausa-Gaztelu (901 metro) mendia konkistatzeko asmoagaz.

Mendi honek "Txindokiren bikia" izengoitia hartzen du, haren ondoan kokatuta egoteaz gain, itxura antzekoa duelako. Altuera baxuagoa duenez haren osperik ez duen arren, antolatzaileek nabarmendu dute tontor "ikusgarria" dela. Gainera, karga historiko handia du: izena bertan egon zen gaztelu batetik datorkio, antzina Enirioko galtzada babesteko erabiltzen zena, eta gaur egun oraindik gotorleku haren aztarnak ikus daitezke gailurrean.

Guztira 9 kilometro inguruko bidea izango da. Antolatzaileek "erraza-ertaina" gisa sailkatu dute txangoa: ibilbidean zehar ez dago zailtasun teknikorik, baina kontuan hartu behar da azken igoera "gogorra" dela. Hori dela eta, sasoian egotea gomendatzen da azken esfortzuari aurre egiteko.

Irteera honetarako desplazamenduak parte-hartzaileen auto partikularretan egingo direla iragarri dute, modu banatuan. Hitzordua 09:00etan jarri dute, Armintzako autobus geltokian, eta 18:00etarako itzultzea aurreikusi dute. Era beran, gogorarazi dute Lemoizko Udalak urtean bitan baino ez duela jartzen autobusa taldearentzat; aurten, maiatzeko eta urriko irteeretan izango da zerbitzu hori erabilgarri.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun