Udalekuak Urizarren egingo dituzte; hala, eguraldi ona egiten badu, kanpoko zelai eta inguruetan izango dira, eta euria egiten badu, frontoian edo ondoko gelan. Ordutegiari dagokionez, 09:00etatik 14:30era bitartekoa izango da, sartzeko eta irteteko malgutasunagaz. Denbora horretan, adinaren araberako askotariko jarduerak egingo dituzte, hala nola tailerrak, trebetasun-jolasak eta ipuin kontalariak.
Guztira 50 plaza eskainiko dituzte, hiru taldetan banatuta: 3-5 urte, 6-9 urte eta 10-12 urte. Eskaintza Lemoizen erroldatuta dauden, udalerriko eskolan ikasten duten edo uda bertan pasatzen duten umeentzat da. Plaza kopurua gaindituz gero, lehentasuna hurrenkera honetan emango da: erroldatuak, Lemoizko eskolako ikasleak eta, azkenik, udatiarrak. Beharrezkoa balitz, maiatzaren 11n zozketa egingo litzateke plazak esleitzeko.
Izen-emate epea eta prezioak
Izen-ematea Armintzako kultur etxean egin beharko da, apirilaren 27tik maiatzaren 8ra bitartean (biak barne). Horretarako, Udalaren webgunean eskuragarri dagoen izen-emate orria bete eta dagokion ordainketa egin beharko da. Familia ugariek edo diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) jasotzen dutenek ziurtagiria aurkeztu beharko dute hobaria lortzeko. Prezioak honako hauek dira: izen-emate arrunta, 80 euro; familia ugaria, 60 euro eta oinarrizko errenta jasotzen dutenak, 30 euro. Informazio gehiago eta izena emateko orria esteka honetan dago eskuragarri.