Bizkaiko Foru Aldundiak lurralde osorako garraio publikoaren plan berria aurkeztu du, eta proiektuari alegazioak aurkezteko epea ireki du. Testuinguru horretan, Lemoizko Udalak ezinbestekotzat jo du herritarrakaz zuzeneko harremana izatea, etorkizuneko garraio-zerbitzua udalerriaren errealitatera eta beharretara ahalik eta ondoen egokitu dadin.
Zentzu horretan, Udalak nabarmendu du herritarren iritzia eta parte-hartzea "funtsezkoak" direla prozesu honetan. Bilera bikoitza izango da: alde batetik, Aldundiak Lemoizentzat aurreikusi dituen aldaketak zehaztasunez azalduko dituzte, eta, bestetik, erabiltzaileen proposamenak eta kezkak entzungo dituztela ere agindu dute.
Saioa maiatzaren 11n, astelehena, 18:30ean izango da, Urizarreko kultur gelan, frontoi estaliaren ondoan. Udaletik herritar guztiak animatu dituzte topaketan parte hartzera, ekarpenak "giltzarri" izango baitira garraio publikoa hobetzeko eta herriko beharrizan zehatzei erantzuteko.