UTE BIMEP 2021 enpresako beharginak BIMEPentzat eta Energiaren Euskal Erakundearentzat (EEE) azpikontratatutako zerbitzuak eskaintzen dituzte Armintzan kokatutako instalazioetan. Azaldu dutenez, orain arte, segurtasun pribatuaren estatuko hitzarmena aplikatu zaie, baina hau ez dator bat egunerokoan egiten dituzten lanen errealitateagaz.
Hauek dira beraien aldarrikapenetako batzuk: egiten duten itsas jarduera egokitutako hitzarmen propio baten arabera negoziatzea, lan-egutegiaren berrantolaketa, benetan egiten dituzten funtzioetara egokitutako kategoria profesionalak ezartzea eta oporretan zein ordaindutako baimenetan hobekuntzak egitea.
2025eko martxotik hona hainbat bilera egin dituzte enpresagaz eta Energiaren Euskal Erakundeagaz euren hitzarmen-proposamenak adosteko asmoz, baina ez dute akordiorik lortu. Horren ondorioz, martxoaren 16an, mobilizazioak eta greba mugagabea hasi zuten.
Orain, Lemoizko Udalak bere babesa eta elkartasuna adierazi die. Mozio baten bidez, Udalak euren lanaren ezaugarrietara egokitutako hitzarmen baten negoziazioa abiatzeko eskaera egin du. Era berean, BIMEPi, Energiaren Euskal Erakundeari eta zerbitzua kudeatzen duen enpresari gatazkari lehenbailehen irtenbide adostu bat emateko beharrezko urratsak egin ditzatela eskatu die.