Ekainaren 1etik aurrera Armintzako aparkaleku arautua martxan jarriko da

Xabi Mendia 2026ko maiatzaren 19a

Aparkalekua uda 2026 © LEMOIZKO UDALA

2026ko udako denboraldia jada ate joka dagoenean Lemoizko Udalak, herriguneko mugikortasuna eta aparkalekuen erabilera egokia bermatzeko asmoarekin Armintzan aparkaleku arautua iazko baldintzetan jarriko du indarrean.

Aparkaleku arautua honako epe eta ordutegietan egongo da indarrean:

Ekainaren 1etik 30era eta irailaren 1etik 30era

  • Lanegunetan: 17:00etatik 20:00etara
  • Asteburu eta jaiegunetan: 13:00etatik 20:00etara

Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra

  • Egunero: 13:00etatik 20:00etara

Aipatutako epe horietan, berdeguneetan baimen-txartela ikusteko moduan jarrita duten ibilgailuek soilik aparkatu ahal izango dute eta araudia ez betetzeak zigorra ekar dezake.

Udalak jakitera eman duen moduan aparkatzeko txartela honako kasu hauetan eskatu edo berritu ahal izango da:

  • Lemoizen erroldatutako ibilgailuak
  • Lemoizen erroldatuta egon arren, autoa ibilgailuen erroldan alta emanda ez duten pertsonak
  • Udalerrian erroldatuta egon ez arren, Lemoizen etxebizitza duten pertsonak (jabeak edo maizterrak)
  • Renting edo leasing kontratuko ibilgailua duten pertsonak, baldin eta Lemoizen erroldatuta badaude.
  • Enpresako ibilgailuak, gidaria Lemoizen erroldatuta badago
  • Armintzan lan egiten duten pertsonak edo bertako enpresen jabeak

Kasu bakoitzean, aparkatzeko txartela lortzeko, dagokion dokumentazioa Udalean aurkeztu beharko da. Hala ere, azkenengo kasuan daudenak izan ezik, iazko txartela dutenek txartel bera erabili ahal izango dute, eta Lemoizko erroldan altan emandako ibilgailu berriak etxean jasoko dute txartela.

Ibilgailuaren baimena kontsultatu

Herritarrek beren ibilgailua baimenduta dagoen egiaztatu dezakete webgune honetan:

🌐 www.aparkalekuaklemoiz.eus

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun