Aizkorri aldera joateko doako autobusa jarri du Lemoizko Udalak Etzandarri mendi taldeagaz

Ander Zarraga 2026ko maiatzaren 19a

Lemoizko Etzandarri mendi taldeak maiatzeko txangoa antolatu du domeka honetarako, maiatzaren 24tako, eta oraingoan Aizkorri-Aratz Parke Naturalera joko dute Brinkola eta Arantzazu arteko zeharkaldia egiteko. Irteera hau berezia izango da, Lemoizko Udalak urtean bitan eskaintzen duen doako autobus-zerbitzuetako bat izango baitu, udaberrikoa, hain zuzen ere. Plazak mugatuak direnez eta izen-ematearen ordenean beteko direnez, antolatzaileek herritarrei dei egin diete lehenbailehen izena emateko.

Mendi ibilaldiak 15 kilometroko luzera izango du eta, orokorrean zailtasun errazekoa gisa sailkatu badute ere, mendiko txangoa dela eta aldapa gogorrak zein lapiaz eremuak zeharkatuko dituztela adierazi dute. Ibilbidea Brinkolan hasiko da, 475 metroko garaieran, eta Biozkorna mendilepora igoko dira lehendabizi, 1.180 metrora. Handik, gura duenak Artzainburu mendira (1.365 metro) igotzeko aukera izango du hautatutako bidean. Ondoren, Urbia aldera jaitsiko dira taldekideak bertan bazkaltzeko, eta eguna borobiltzeko Arantzazuko santutegira jaitsiko dira, arratsaldeko 19:30ak edo 20:00ak aldera berriz ere Armintzan bueltan izateko.

Doako autobusera igotzeko eta txangoan parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik izena ematea etzandarri@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idatziz. Plazak mugatuak direnez, antolatzaileek mezua lehenbailehen zabaltzeko eta izen-ematea azken herrenean ez uzteko eskatu diete Lemoizko eta inguruko mendizale guztiei, naturaz eta giro bikainaz gozatzeko aukera paregabea izango baita asteburu honetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun