Jeltzaleek Udaletik sustatutako alegazio bateratuetan parte hartu dute, baina horiek osatzeko proposamen zehatzak ere aurkeztu dituzte, bereziki Urizar eta Andraka auzoetako bizilagunen beharrei erantzuteko.
Aurkeztutako ekarpenen artean, alderdiak eskatu du Plentzia-Gorliz-Mungia linearen geltoki nagusia Plentziako metro geltokian kokatzea. EAJren arabera, neurri horrek Urizar eta Andrakako bizilagunei Metro Bilbaogaz lotura zuzenagoa izatea erraztuko lieke.
Era berean, jeltzaleek proposatu dute Areeta-Armintza lineak auzo horiei eskaintzen dizkien zerbitzuak mantentzea, gutxienez neurri batean. Haien esanetan, helburua konektibitate-galerak saihestea eta garraio publikoaren bidezko alternatiba egokiak bermatzea da.
"Lanean eta proposamenak egiten jarraitzen dugu, garraio publikoan egiten den edozein aldaketak auzoen arteko lotura hobetu eta gure herritarren eguneroko joan-etorriak errazteko balio dezan", adierazi dute Lemoizko EAJtik.
Alderdiak Lemoizko errealitatera egokitutako mugikortasun eraginkorragoa, konektatuagoa eta erabilgarriagoa defendatzen jarraituko duela nabarmendu du, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko xedeagaz.