Familientzako bi jarduera antolatu dituzte Lemoizen LGTBI+ Harrotasunaren Egunaren harira

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 18a

Lemoizko Udalak bi jarduera antolatu ditu ekainaren 28ko LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, aniztasunarekiko errespetua, berdintasuna eta bizikidetza sustatzeko helburuagaz. Ekimenak familiei zuzenduta egongo dira, eta ekainaren 27an eta 28an egingo dituzte, Armintzan.

Lehenengo hitzordua ekainaren 27an izango da, barikuan, 18:00etan, Armintzako Kultur Etxean. Bertan, Wadak burua txoritxoz beteta dauka antzezlana eskainiko dute, umeei eta familiei zuzendutako ikuskizuna. Obrak Wada izeneko neskatxaren bidaia kontatzen du: etxea utzi eta askatasunaren, zorionaren eta mundu hobe baten bila abiatuko da, ametsez, desioz eta irudimenez betetako burua lagun.

Bidean, Wadak hainbat erronkari egin beharko die aurre, tartean plastikoz kutsatutako ozeanoei, desberdintasunei, diskriminazioari eta injustiziei. Hala ere, istorioak aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta itxaropena ere izango ditu ardatz, magia, umorea eta emozioa uztartuta, mundu bidezkoago eta jasangarriago bat eraikitzea guztion esku dagoela gogorarazteko.

Bigarren jarduera ekainaren 28an egingo dute, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean bertan. 12:30ean, eskulan tailerra izango da Armintzako portuan, eguraldiak laguntzen badu; euria eginez gero, jarduera Armintzako Kultur Etxera lekualdatuko dute. Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu ekimenetan parte hartzera eta aniztasuna ospatzera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun