Jaialdiaren kartelburu nagusia Jah Mason izango da, azken hamarkadetako Jamaikako roots reggae ahots esanguratsuenetako bat. Riddim Factory Band taldeagaz batera igoko da Biobizz Portua Stage agertokira, bere ibilbide oparoan mundu osoko eszenatokietan erakutsitako indarra Armintzara ekartzeko.

Nazioarteko izaera hori osatuko dute Junior Dread brasildarrak, Dactah Chando kanariarrak eta Rudymentari menorkarrak. Bakoitzak bere lurraldeko nortasuna eta reggaearekiko ikuspegia ekarriko ditu, Jamaikan jaiotako musika estiloak munduko bazter askotan sustrai berriak nola garatu dituen erakutsiz. Kartela Steady Rockets euskal taldeak biribilduko du; ska, rocksteady eta reggae doinuak euskaraeta euskal folkloreagaz uztartzen dituen proposamenagaz.
Jaialdiaren beste ardatz nagusietako bat Spannabis Dub Stage izango da. Dub kulturari eskainitako guneak hamabi orduko sound system egitaraua hartuko du, nazioarteko erreferente diren Blackboard Jungle eta Irie Ites kolektiboakaz.
Txikiak ere jaialdiaren parte
Aurtengo berrikuntza nagusietako bat Txiki Yard izango da. Familia osoari zuzendutako espazio berriak tailerrak, jarduera artistikoak eta jolaserako guneak eskainiko ditu, belaunaldi ezberdinek jaialdia elkarregaz bizitzeko aukera izan dezaten. Musika ere presente izango da bertan, Baltz Bitaren Disko Txiki saio bereziaren bidez, ume eta familien artean reggaearekiko lehen loturak sortzeko.
Ohiko osagaiek ere ez dute hutsik egingo. Batukale Samba taldearen kalejirak emango dio hasiera egunari, eta African Vibes Dance kolektiboak dantza, tailer eta erakustaldien bidez Jamaikako musikaren eta Afrikako sustraien arteko loturak azaleratuko ditu.