Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateak egindako bisita teknikoen ostean ondorioztatu du Armintzako heliportuko guneak ez dituela segurtasunez jarduteko beharrezko baldintzak betetzen, besteak beste, eremua txikia eta triangelu formakoa delako, inguruan piknikerako egurrezko mahaiak daudelako, alboan aparkalekua dagoelako eta trafiko-seinale bertikalak oso gertu daudelako. Horiek guztiak oztopo izan daitezke helikopteroaren palek behar duten 30 metro inguruko segurtasun-eremua bermatzeko.
Udalak proposatutako hainbat alternatiba aztertu ondoren, Ertzaintzak zehaztu du helikopteroak lurreratzeko gunerik egokiena Urizarko Torreburu landa dela. Unitatearen arabera, gune hori guztiz egokia da larrialdi-zerbitzuek behar dituzten maniobrak segurtasunez egiteko. Hala ere, Armintzako "H gunea" neguan edo inguruan pertsonarik eta ibilgailurik ez dagoen uneetan erabili ahal izango litzatekeela ere adierazi dute.
Informazio hori esku artean, Lemoizko Udalak Armintzako zabalgunea berrantolatzeari ekingo diola adierazi du, aparkalekua eta inguruko mugikortasuna hobetzeko. Udalaren arabera, neurriak herriguneko eguneroko erabilerari erantzungo dio, eta, aldi berean, larrialdi-zerbitzuek udalerrian esku-hartzeak egiteko gune seguru eta operatiboa izatea bermatuko du.