Bizkaia Junior Itzulia Lemoizen amaituko da uztailaren 12an

Ander Zarraga 2026ko uztailaren 9a

Probaren egunean, trafikoan etenak egongo direla iragarri du.

Lemoizen egongo da uztailaren 12an amaituko den Bizkaia Junior 2026 itzuliaren azken etaparen helmuga. Bizkaiko txirrindularitza federatuaren hitzordu garrantzitsuenetako bat uztailaren 9tik 12ra egingo da lurraldean zehar, eta azken jardunaldian Armintzatik abiatu eta Urizarren amaituko den 113 kilometroko etapa jokatuko dute txirrindulari gazteek.

Probaren atarian, uztailaren 10ean, barikuan, txirrindularitzari buruzko solasaldia egingo dute Armintzako Kultur Etxean, 19:00etatik aurrera. Tourra eta Euskal Herria izenburupean, Marino Lejarreta, Julian Gorospe, Iban Mayo eta Ruben Gorospe izango dira bertan, Javi Bodegas moderatzaile dutela. Solasaldian Tourraren historia, Euskal Herriak txirrindularitzagaz duen harremana eta kirol horren etorkizuneko erronkak izango dituzte berbagai. Sarrera librea izango da, lekua bete arte.

Bizkaia Junior Itzuliaren bosgarren eta azken etapa uztailaren 12an, domekan, jokatuko da. Lasterketa 11:00etan abiatuko da Armintzako elizaren paretik, eta helmuga Urizarren egongo da, udaletxe ondoan. Lemoizko Udalak herritarrak kalera irtetera, lasterketaz zuzenean gozatzera eta txirrindulari gazteei babesa ematera gonbidatu ditu, herrian kirol-giro berezia sortuko dela nabarmenduta.

Probaren garapen egokia eta segurtasuna bermatzeko, 10:30etik 13:30era bitartean, gutxi gorabehera, aldizkako trafiko-etenak izango dira ibilbideko hainbat puntutan. Udalak joan-etorriak aldez aurretik antolatzea eta antolakuntzako langileen zein segurtasun-arduradunen jarraibideak betetzea eskatu du. Era berean, taldeen, epaileen eta antolatzaileen ibilgailuentzako guneak prestatzeko, uztailaren 11ko 22:00etatik uztailaren 12ko 15:00etara ezin izango da aparkatu Armintzako elizaren atzealdeko aparkalekuetan, ezta Torreburuko eremu osoan ere, eskolaren inguruak, eliza eta udaletxea barne. Udalak barkamena eskatu du neurri horiek sor ditzaketen eragozpenengatik, eta herritarren laguntza eskertu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun