Batelekuen "teink" oihua Armintzako portura helduko da astelehenean

Laura Fontalba Colomo 2026ko uztailaren 22a

Uztailaren 27an, Teink Trofeoaren 32. edizioa Armintzara helduko da.

Lemoizko Udalak jakinarazi duenez, uztailaren 27an, ontziak berriro helduko dira Armintzako portura; beraz, herritarrak harrera egitera gerturatzeko deia egin dute 13:00etatik 14:00etara.

Geldialdia 2026ko Teink Trofeoaren esparruan egingo dute, eta 32. edizioa izango da. 1993tik Ur-Ikara elkarteak antolatzen duen batelekuen arraun-zeharkaldia da. Euren helburua ontzi mota hori eta hari lotutako itsas kultura bizirik mantentzea da. 

Gaineratu duten moduan, Armintzan izango da uztailaren 27ko lehen eguneko helmuga, baina ontziek egingo duten bidaia askoz luzeagoa izango da: sei egunetan, ia 88 itsas milia, 162 kilometro inguru, egingo dituzte arraunean Euskal Herriko kostaldean zehar. Hau da,  Zierbenatik abiatuko dira datorren astelehenean, eta abuztuaren 1ean amaituko dute bidaia Donibane Lohizuneko portuan.

Teink Trofeoaren historia

Ur-Ikara elkarteak azaltzen duen moduan, ohitura 1992an sortu zen, lau lagunek euskal kostaldea bateleku batean zeharkatu zutenean, Hondarribitik Plentziaraino hainbat portutan geldialdiak eginez. Horren ondoren, 1993an, lehen Teink Trofeoa egin zuten. Euren azalpenean, "Teink" arrantzaleek hegaluzeak amuari heltzean egiten zuten oihua da, gutxi gorabehera "eutsi gogor" esan nahi duena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun